Oñatiko udala

"Euskarak lege-esparru eraberritu bat" behar duela aldarrikatu du UEMAk

2023/07/07
Card image cap
Agerraldia egin dute Usurbilen 100 hautetsik baino gehiagok, tartean, Izaro Elorzak, Auzitegi Konstituzionalak kaleratu duen ebazpenari erantzuteko

  UEMAko partaideek beren ezinegona azaldu dute Usurbilen, euskaren erabilera eta normalizaziorako atzerapauso handia delako Auzitegi Konstituzionalaren azken ebazpena. Atzo jakinarazitakoaren aurretik antzeko beste sententzia batzuk egon direla eta, nahikoa dela eta oldarraldi judizial hau eten eta erantzun juridiko sendoa behar duela adierazi dute UEMAko ordezkariek. Lege esparru eraberritu bat aldarrikatu dute, euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko. Aldi berean, azaroaren 4rako Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestarekin bat egiten dutela berretsi dute.

  Adierazpen hauek, auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua baliogabetu ondoren UEMAk deitu duen agerraldian egin dira. Udal Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten udaletako ehun hautetsi baino gehiago bildu dira Usurbilen, tartean, Izaro Elorza alkatea. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren irakurraldi azkarra egin dute eta ebazpena, udal barruko dokumentuei buruzkoa dela eta ez herritarrekiko harremanei buruzkoa argitu nahi izan dute. Eusko Legebiltzarrak 2016an onartu zuen legeak gehiengo zabala bildu zuela gogorarazi dute UEMAko hautetsiek eta zazpi urteren ondoren, EAEn zinegotzi bat ere ez duen VOXen ekimenez, babes handi hori indargabetu nahi dela.

  Eusko Jaurlaritza ere Konstituzionalaren ebazpenaren aurka azaldu da, ohar bidez, euskal autogobernua urratzen duela eta euskara, euskal hiztunak eta gai honen inguruan Euskadin dagoen adostasun soziala merpretxatzen dituela azalduz.

  Auzitegi Konstituzionalak eman duen azken ebazpen hau euskararen erabileraren eta normalizazioaren aldeko neurrien kontra eman diren hainbaten azkena da. Aurrez izan diren errekurtso horietako batzuk Oñatiko Udala erdigunean jarri zuten, kasu, Carlos Urkijok, gobernu ordezkari zenean, jarri zituenak. Orduan, aktak euskaraz idatzi eta bidaltzen zituzten udalen aurka jo zuen eta tartean, Oñatiko Udalaren kontra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!