Oñatiko udala

Euskara, uda eta turismoa eskutik datoz, berriro, “Bertatik bertara” kanpainarekin

2024/06/12
Card image cap
Bisitariei eta zerbitzuen sektoreari euskararen garrantzia ikusarazteko kanpaina da

  UEMAk, dozenaka udalekin eta garapen agentziarekin batera gauzatuko du Bertatik bertara kanpaina. Helburua da udan bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera eta erabiltzera animatzea.

  Oñatiko Udalak, bosgarren urtez, Bertatik bertara kanpainarekin bat egin du, zerbitzuen sektorean euskara sustatzeko. Udaleko Euskara eta Turismo departamenduek elkarrekin egingo duten kanpainak irailaren erdialdera arte luzatuko da eta euskara oinarri duten mahai-gainekoak eta hiztegitxoak izango ditu euskarri, aurreko urteetan bezala. Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmentzen da kanpainan. Hala, mahai gainekoetan eta hiztegietan, oinarrizko hitzak, agurrak, euskaraz, gazteleraz, katalanez, galizieraz, frantsesez eta ingelesez zerrendatzen dira.

  Udalak 10.000 mahai-gaineko eta beste horrenbeste hiztegi eskuratu ditu, herriko taberna, jatetxe eta ostatuetan banatzeko. Era berean, kanpainaren berri emateko spota prestatu du UEMAk eta mahai-gainekoetan txertatu dira, QR kode bidez.

  2023ko udan 18.400 bisitari izan ziren Arantzazu eta OñatikoTurismo bulegoetan, Txokolateixian edota Arrikrutz Koban. Bestalde, uztaila-iraila bitartean herriko ostatuetan 7.000 turista erregistratu ziren eta 21.200 ostatu-gau egin zituzten gurean, 2019an baino %45 eta %39 gehiago, hurrenez hurren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!