Euskara planaren 20.urteurrena ospatu du Ulma taldeak
20 urte bete dira Ulmak lehen Euskara Plana martxan jarri zuenetik. Kooperatiba bakoitzak bere plana du egun, baina talde mailan Euskara Batzordea ere badute. 20 urte hauetan euskararen ezagutza, eta bereziki erabilerak, salto handia egin du Ulma kooperatibetako egunerokoan. Horretaz hausnartu, aurrera begirako erronken lanketa egin eta bereziki ospatzeko, ekitaldia egin da Arantzazun.
Lehen urteetan kooperatibista euskaldun eta euskaltzaleen militantziaren arabera joan zen Euskara Plana garatzen Ulman. Gerora, euskararen inguruko lanketa erakundetu egin zen eta gestio planetan txertatu ziren euskara helburuak, hizkuntza irizpideak zehaztu eta negozioetara pasaz. Horrek kooperatibisten eguneroko harremanetan, bileretan eta ekintzetan eragina izan du. Euskararen ahozko erabilerari dagokionean, %52tik % 62ra pasa da azken 15 urteetan. Bilera informatiboetan, hamar aldiz handitu da, eta 2004an %4a soilik bazen, egun, %40koa da eta batzar nagusietan berriz, %6tik %76ra hazi da, 20 urteotan. Baina euskara gehiagok ulertzen du, kooperatibisten % 95ak, iazko datuen arabera, beraz, erabileran hobetzeko tartea badago oraindik.
Lortutakoa hausnartu eta, aurrera begira, eman beharreko urrats berriak zehazteko lanketa egitekoak ziren gaur Ulmako Euskara Batzordeko kideak Arantzazun, goizean egin den ekitaldian. Amaitzeko ospakizuna etorriko da, bai lehen Euskara Planaren 20. urteurrena eta Euskararen Egunarena. ULMAko 80 langile baino gehiago elkartu dira ekitaldian, eta beraiekin izan dira Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria eta Iñaki Olalde Udaleko Kultura batzordeburua eta Amaia Balda Koordinatzaile Nagusia.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!