Euskara irakasleen lan-poltsa eratuko du UEMAk, udal euskaltegietan sortzen diren beharrei erantzuteko

Zenbait herritan arazoak izaten dituzte udal euskaltegietan lanean aritzen diren irakasleen ordezkoak lortzeko. Egoerari aurre egiteko, lan-poltsa bateratua sortzea eta irakasleak lan-poltsa horretatik kontratatzea erabaki dute udalek, oinarriak UEMArekin batera landuta. Deialdia ostiralean argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eskabideak aurkezteko epea irekiz, martxoaren 28ra arte.
Merezimendu-lehiaketa bidez osatuko da lan poltsa eta parte hartzeko bete beharreko baldintzak dira, unibertsitateko gradua edo erdi-mailako titulua izatea eta C2 eskakizuna egiaztatuta edukitzea. Dena dela, badaezpada, beste lan-poltsa bat ere osatuko da C1 hizkuntza-eskakizuna daukaten hautagaiekin. HABEk euskaltegietako irakasleak homologatzeko egin zituen probak gainditu zituzten irakaslegaiak ere onartuko dira.
Eskabideak UEMAren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke, eskura dagoen eredua erabiliz. UEMAren Azpeitiko bulegoan ere aurkez daitezke, bertatik bertara. Baita posta-bulegoan ere, aurkezteko epea amaitu baino lehen.
Eskaera egitean, eskabide-orria, adin txikikoekin lan egiteko izaera sexualeko delituengatik aurrekaririk ez izatearen ziurtagiria, eta baloratzea nahi den merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu behar dira.
Lehiaketa-fasean baloratuko dira: euskaltegi publikoetan egindako irakasle lana, euskaltegi homolagatuetan egindako irakasle lana, titulu akademikoak, Euskal Filologiako gradua edo lizentzia edo Euskal Ikasketetako gradua, eta irakaskuntzarako gaitasun-agiria. Helduen euskalduntze-alfabetatzearekin lotutako ikastaroak eta 50 ordutik gorako glotodidaktika ikastaroak ere kontuan hartuko dira.
Lehiaketa-fasea amaitzean, UEMAk mankomunitateko kide diren udalen esku utziko du lan-poltsa, beti ere udal euskaltegietako irakasle-beharrei erantzuteko, eta udal bakoitzak lan-poltsa eskatuta. Oñatiko Udala UEMAko kide da 2012az geroztik.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!