Oñatiko udala

Euskara departamentuari dagozkion dirulaguntzetarako deialdia argitaratu da

2024/06/07
Card image cap
Errotuluak edo web gunea euskaraz jartzeko eta euskara ikasteko laguntzak eskatu daitezke

  Zabalik dago Euskara udal departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea. Bi laguntza lerro biltzen ditu aurtengo deialdiak: errotuluak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituzten entitateentzat dirulaguntzak eta euskara ikasteko dirulaguntzak.

  Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek urriaren 31ra arte izango dute udalaren dirulaguntza eskatzeko. Baina errotulu komertzial eta webgunetarako eskabideak kartela jarri edo gunea aktibatu aurretik egin behar dira eskaerak, hizkuntza aldetik testua zuzena dela ziurtatzeko. Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan dutenek aurkeztu ditzakete eskaerak.

  Euskara ikasteko dirulaguntzak berriz, Oñatin nahiz barnetegietan euskara ikasten ari diren herritarrek eskatu ditzakete. Ikastaroaren % 85eko aprobetxamendua egiaztatzen dutenek matrikula kostuaren erdia berreskuratuko dute laguntza gisa. Era berean, bigarren ikasturtez euskara ikasten jarraitzen dutenek, % 25eko laguntza gehigarria jasoko dute jarraipen hori sarituz. Euskara ikasteko dirulaguntza, Oñatin erroldatuta daudenek eskatu dezakete. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu behar dira eskaerak.

  Bateko zein besteko diru partidak batuta 8.552 euro emango dira guztira udaleko Euskara departamentuak kudeatzen dituen laguntzetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!