Oñatiko udala

Euskalgintzako ekimenetarako dirulaguntza zuzenak hizpide izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2024/12/19
Card image cap
2025eko bilkuren egutegia eta Emakumeen Etxeko teknikari baten aldi baterako programa onartzea proposatuko da

Gaurko Osoko Bilkurarako zerrendatu diren 19 gaitatik 9 euskalgintzako ekimenetarako dirulaguntza zuzenak edo ez izendunak emateko proposamenak dira; Kilometroak, Ibilaldia, Nafarroa Oinez edo EHIGEk antolatzen duen Eskola Publikoaren jaiari bideratutakoez gain, Badihardugu, Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Kontseilua eta Lanbide Heziketan euskarazko materiala sortzen duen Laneki elkarteei zuzendutakoak onartzea eskatuko zaie udalbatzako kideei.

  Estatistiken Institutu Nazionalak igorri duen errolda datuaren berri ere emango da arratsaldeko bileran. Urtea amaitzear dagoen arren, 2024ko urtarrilaren 1eko dataz Oñatin erroldatutakoen datu ofiziala jakinaraziko da. Eta datorren urtera begira, bestalde, Ohiko Osoko Bilkuretarako 2025eko egutegia onartzea eskatuko du alkateak. Emakumeen Etxeko teknikari baten aldi baterako programa onartzea ere proposatuko da. Emakumeen Etxea egokitzeko azken lanak egitea falta da oraindik baina irekitzen den bitartean egiteko daudenak prestatzeko eta etxearen kudeaketa eta koordinaziorako oinarriak eta tresnak garatzen joateko teknikari bat kontratatzea ahalbideratuko duen aldi baterako programa proposatuko da.

  Abenduan udal aurrekontuak aurkeztu izan dira azken urteetan, baina 2025ekoak atzeratu egingo dira. Tramite batzuk betetzea falta da eta, ondorioz, aurtengo aurrekontuak luzatu egin beharko dira datorren urtekoak onartu bitartean. Gaur ez baina urtarrileko Osoko Bilkuran izatea espero da. Beraz, urteko gairik potoloenetako baten faltan, gaurko bilera arina izatea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!