Euskalgintzako ekimenetarako 6.000 euro pasa banatu zituen Udalak, iaz
Urtean zehar euskalgintza arloko ekimen ezberdinetarako dirulaguntza eskaerak jaso ohi dira udal bulegoetan. Urte akaberara arte itxaroten da diru banaketa erabakitzeko eta 2023a amaitzear zegoela heldu zion gaiari udalbatzak. 6.171 euro banatzea erabaki zen urteko azken Osoko Bilkuran.
Nafarroa Oinez eta Herri Urrats jaietarako 660na euro bideratzea erabaki zen eta Araba Euskaraz, Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoaren jaietara, 320na euro. Udalak, bestalde, Laneki, Badihardugu, Behatokia eta Kontseiluarekin urteetako lankidetza eta konpromisoa du, eta diruz laguntzen jarraitzea erabaki zen, iaz ere.
Laneki elkarteak kudeatzen duen ekimenaren helburu nagusia da Lanbide Heziketarako eta lan-esparruko euskarazko ikasmaterialak prestatzea, eta www.jakinbai.eus atarian erabiltzaileen esku jartzea. Oñatiko Udalak, Debagoieneko gainontzeko herriekin batera, proiektua laguntzeko konpromisoa hartu zuen 2015ean eta 2.116 euro bideratzea erabaki zen.
2001ean sinatu zen Deba Ibarreko udalen eta Badihardugu euskara elkartearen arteko lankidetza hitzarmena, besteak beste, herriko hizkerak jaso, zabaldu eta erabiltzeko aholkularitza eta orientazio zerbitzua eskaintzeko. Hitzarmena 2016an berritu zuen Oñatiko Udalak, bizilagun bakoitzeko 5 zentimoko diru ekarpena egiteko konpromisoarekin. Ondorioz, 2013an, 575 euro bideratu dira.
Behatokia euskal hiztunen hizkuntza-eskubideez arduratzen da eta eskubide horiek Euskal Herri osoan, arlo publikoan zein eremu sozioekonomikoan, bermatzera zuzentzen du bere jarduera. Euskararen Telefonoa izeneko zerbitzua du eta horren bidez, herritarrek beren kexak, zorionak edo kontsultak bidaltzen dituzte, konfidentzialtasun osoz, Behatokiak bideratzen dituelarik. Horrez gain, Behatokiak hizkuntza-eskubideen edukiak zabaltzen ditu eta bertako hizkuntza erabili eta gizarte arlo guztietan garatzeko Euskal Herriko jendarteak duen eskubide gisa, defendatzen ditu. 600 euroko udal dirulaguntza jaso du.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, bestalde, euskararen aldeko borondatezko gizarte-konpromisoa sustatzeko eta hizkuntzaren erabilera sektore guztietara zabaltzeko helburuarekin egiten du lan. Misioa gizarte-eragileak, eragile politiko-instituzionalak eta euskalgintzako eragileak, bakoitza bere esku dituen neurri normalizatzaileak hartzera gonbidatzea da, Oñatin, Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan. 600 euroko dirulaguntza ematea erabaki du Udalak.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!