Euskalgintzako ekimen ezberdinetarako 9 dirulaguntza eman ditu Udalak
Azken Osoko Bilkuran onartu ziren Euskalgintzako ekimenetarako dirulaguntza zuzenak ematea 9 elkarte edo ekintzen antolatzaileei. Horietako lau euskara jaietarako dirulaguntzak dira eta Kilometroak, Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoaren jairako 320na euro bideratzea erabaki zen. Nafarroa Oinez jaia bereziki babesten du Udalak, lurralde horretan euskarak eta ikastolek duten egoera kontutan hartuta eta 660 euro bideratzea onartu zen.
Euskararen normalizazioan diharduen Euskal Herrian Euskaraz elkarteari 320 euroko laguntza ematea ere erabaki zen. Badihardugu Deba ibarreko euskara elkartearen eta Udalaren arteko harremana aspalditik dator, 2001etik, hain zuzen. 2016an, lankidetza hitzarmena eguneratu zuten eta, orduz geroztik, Oñatiko Udalak, biztanleko ekarpena egiten dio elkarteari. 2024an 575 eurokoa izatea onartu zen urteko azken Osoko Bilkuran. Kontseiluak eta Behatokiak ere jasoko dute laguntza, lehenak, euskararen aldeko borondatezko gizarte konpromisoa sustatzeko eta bigarrenak, euskal hiztunen hizkuntza eskubideaz arduratu eta horiek bete daitezen bermatzeko ekintzetarako. Bakoitzak 600 euro jasoko ditu.
Baina Euskalgintzan diharduten elkarteetatik udalaren dirulaguntza handiena Laneki elkartera bideratzea erabaki zen azken Osoko Bilkuran. Lanbide Heziketan euskara normaltasunez erabili ahal izateko ikasmateriala sortzeaz arduratzen da eta ekimen horretara 2.117 euro emango zaizkio.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!