Euskal pentsiodunek Herri Ekimen Legegile bat sustatuko dute gutxieneko pentsioak osatzeko
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak herri ekimen legegile bat jarriko du martxan gutxieneko pentsioak lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatu daitezen eta, hori gauzatzeko, Eusko Legebiltzarrak araudi propioa eztabaidatu eta onar dezan. Datorren ostegunean, irailaren 26an, aurkeztuko da proposamena Eusko Legebiltzarrean eta ordurako pentsionisten elkarretaratzea deitu da Gasteizen, erakundearen atarian. Oñatiko pentsionistak ere bertara gonbidatu dira eta San Prudentziotik pasako den eskualdeko autobusean lekua hartzeko Arrano tabernan eman behar da izena. Joan-etorria doan izango da eta Oñatitik Elorregirako buelta autoz egingo da, izena ematen dutenen artean, taldeka. Ekimenaren berri asteleheneko elkarretaratzean eman zen eta beste horrenbeste egingo da astelehen honetan, plazan.
Euskal Herriko pentsiodunek, legelarien eta ekonomialarien babesarekin, 17 orriko dokumentua prestatu dute pentsioak lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko proposamena arrazoituz. Herri Ekimen Legegile moduan aurkeztuko dute Eusko Legebiltzarrean, ostegunean, eta tramitera onartuz gero, beharrezkoak diren 10.000 sinadura biltzeari ekingo diote, ondoren.
Testuak, dagoeneko, 150 udalen babesa dauka, gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igotzeko mozioak beste horrenbeste Osoko Bilkuretan onartu baitira. Oñatin ere gehiengoz onartu zen iazko azaroko Osoko Bilkuran. EH Bilduk herriko pentsionistek eskatutako idatzia aurkeztu zuten eta EAJk, beste testu bat. Bakoitzak berearen aldeko botoa eman zuen eta pentsiodun guztiei, 14 ordainsaritan, gutxienez 1.080 euroko diru-sarrerak bermatzea onartu zen, EH Bilduko ordezkarien babesarekin.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!