Euskal Diasporaren Egunaren ekitaldi nagusia Eltzia inguruan izango da, igandean
Astean aurreratu dizuegunez,Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunaren ospakizun nagusia Oñatin egingo da, igandean. Imanol Pradales Lehendakaria buru izango da, Izaro Elorza alkatearekin batera, eta ekitaldian herriko hainbat taldek parte hartuko dutela zehaztu du Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Ander Caballerok. Musika bandak, txistulariek, trikitilariek, Oñatz dantza taldeak, Ganbara eta Oñati abesbatzek eta bertsolariek parte hartuko dute, besteak beste, Kepa Errastik aurkeztuko duen ekitaldian.
2018tik urtero ospatzen da Euskal Diasporaren Eguna irailaren 8an. Herririk herri aldatzen doa ospakizuna eta aurten Oñatin izango da bi arrazoi oinarri hartuta: Oñati migratzaileen herri izan dela mendeetan eta Boiseko Estatu Unibertsitateko ikasle eta irakasle taldeak Oñatin bete zuen lehen egonaldi-programaren 50. urteurrena betetzen delako. Oñatin bezala mundu osoko Euskal Etxeetan ere Diasporaren Egunaren ospakizunaren inguruko 100en bat ekintza burutuko dira datozen egunotan.
Eltzian eta San Lorentzoko ermita artean osatuko den ekitaldira 1974-1975 ikasturtean Oñatira etorri ziren estatubatuarren ordezkaritza handi bat bertaratuko da. Batzuk iritsi dira jada, beste batzuk, bihar-etzi etorriko dira eta hainbat egun emango dituzte gure artean, orain 50 urteko abentura hura berritzen. Bisita eta ospakizun egitarau berezia prestatu du herritar talde batek haientzat. Hasteko, bihar bertan, Iñaki Galdosek egonaldi berezi hartaz idatzi duen liburuaren aurkezpenean parte hartuko dute. Abentura bat baino askoz gehiago da liburuaren izenburua eta hala azaldu du Galdosek berak, alegia, hainbat urtetan eta talde ezberdinek bete zuten egonaldi-programa hura abentura bat izatetik haratago inflexio puntu bat izan zela, amerikarrek Euskal Herriarekiko zuten konpromisoa eta bertakoek amerikarrekiko zuten ikuspegia aldarazi zuena.
Santa Ana aretoan bihar 19:00etan aurkeztuko den liburuan, besteak beste, programaren aurrekariak, izan ziren zailtasunak eta hainbat lagunen biografiak txikiak biltzen ditu. Udalak argitaratu duen liburua Jerardo Elorza bildumaren 5. zenbakiduna da.
Bihar euskaraz aurkeztuko den liburuaren ingelesezko bertsioa ere argitaratuko da, datorren urtean, eta 2025eko uztailean Boisen aurkeztuko da. Ordura arte, bestalde, Boiseko Euskal Museoan ikusgai izango da igandean Eltziako Topagunean inauguratuko den erakusketa. Liburua oinarri hartuta erakusketa prestatu du Jabier Erostarbek eta 10 paneletan eta hainbat objektuz 1974an eta ondorengo urteetan Oñatira etorri ziren ikasle amerikano haien historia laburbiltzen da. Erakusketa hilabetez egongo da Eltzian ikusgai eta, ondoren, Boisera eramango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!