"Euskadiko landa emakumeen begirada" txostena osatu du MENEKOk, martxoaren 8aren harira

Landa ingurunean diharduten emakume ekintzaileen lana ikusarazi nahi izan du Euskadiko Landa Garapen Elkarteen Federazioak, Menekok. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako landa-inguruneko zazpina emakume ekintzaileren proiektuak oinarri hartuta 21 erreportaje landu ditu. Azken urteotan Euskadiko landa-inguruneetan ekintzailetza-proiektuak abian jarri dituzten pertsona horiek ezagutzera ematea izan da helburu nagusia.
Jarduera ezberdinetan ari diren 21 emakume eta beste horrenbeste esperientzia jaso dira txostenean. Meneko osatzen duten Landa Garapen Elkarte bakoitzak elkarrizketak egiteko hautagaiak aurkeztu zituzten. 21 elkarrizketa horien artean 3 nabarmentzen dira, lurralde bakoitzeko bana, elkartean izandako ibilbide eta esperientziagatik. Kasu honetan elkarrizketa idatzia bideo labur batekin osatu da.
50 orrialdeko txostenean emakume hauen ekintzailetza historia eta borroka jasotzen da, landa-ingurunea bizibide bihurtzeko egin duten apustua. Sektoreko erakundeetako ordezkariez gain, belaunaldi-ordezkapeneko, ortugintzako, abeltzaintzako, mahastizaintzako eta ardogintzako, arrautza ekologikoetako edo gaztagintzako sektorean proiektuak dituzten emakumeak ezagutuko ditugu baita landa-ingurunean beste lan batzutan aritzen direnak: fisioterapeuta, ortodontista edo albaitaria. Bakoitzak bere esperientzia, zailtasunak, oztopoak eta landa-ingurunean emakume izatearen alderdi negatiboak zein positiboak azaldu ditu.
Oñati hurbil dutenak ere topatuko ditugu 21 horien artean, Bidane Baskaran Etxeberria edo Maite Aristegi Larrañaga, esaterako. Bidane Baskaran Markiña-Xemeinen bizi den artzain gaztea da. Arantzazuko artzain eskolan trebatu zen ardien sektorean eta egun Baskaran gaztandegiaren buru da, aita eta nebarekin batera. Maite Aristegi berriz, bergararra da eta gurasoen abeltzaintza eta nekazaritza ustiategiari jarraipena eman zion, landetxe jarduerarekin uztartuz. 15 urtez EHNE sindikatuan ere lan egin zuen.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!