Euskadiko enpresen lehiakortasuna gorenera eramateko apustua nabarmendu du Mondragon Unibertsitateko errektoreak
Iñigo Urkullu lehendakariaren partaidetzaz egin da 2023-2024 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala Enpresagintza Fakultatearen Oñatiko campusean, eguerdian.
Epe ertainera begira, enpresa-jarduera berriak sustatzeko erronkari helduko dio Unibertsitateak, talentuaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren bidez. Mondragon Unibertsitatearen sorrerako bereizgarritasunak horiek direla gogoratu da eguerdian egin den ekitaldian. Prestakuntza pertsonalizatua eta malgua eta etengabeko prestakuntza bi erronka garrantzitsu dira egungo gizartean, eta agertoki berrira egokitzeko unibertsitatea aspalditik lanean ari dela azpimarratu da. Ildo horretan, lau urtetan, prestakuntzaren %80 ibilbide malguen eta pertsonalizatuen bidez osatzeko aukera eskainiko die Mondragon unibertsitateak ikasleei.
Unibertsitateak abian dituen proiektuak Euskal Unibertsitate Sistemaren 2023-2026 aldirako Planaren ardatzekin bat datozela aipatu da ikasturte hasierako ekitaldian; erronka horien bidez Mondragon Unibertsitateak Euskadiko ekonomian eragin positiboa izan nahi duela esan da.
Ikasturtea irekitzeko ekitaldian, Vicente Atxa errektorearekin batera parte hartu dute, Iñigo Urkullu lehendakariak, Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak, eta Sain Milena López Pérez Enpresagintza Fakultateko irakasle eta ikertzaileak. Bertan izan dira, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza-sailburua, Javier Oleaga Mondragon Unibertsitateko lehendakaria eta politikaren nahiz irakaskuntzaren arloko beste agintari batzuk.
2022-2023 ikasturtean 6.712 ikasle izan zituen MUk, aurreko ikasturtean baino % 6 gehiago; horiei graduondokoak gehituta, guztira 7.458 ikasle matrikulatu ziren.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!