Eudeleko Batzorde Eragileko bokal eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeko kide izendatu dute Izaro Elorza
Ez zen aparteko sorpresarik izan Euskal Udalen Batzar Nagusian, atzo Donostian. EH Bildu, EAJ eta PSE-EE ordezkariak biltzen zituen hautagaitza bakarra aurkeztu zen batzorde eragile eta lurraldeetako batzordeak berritzeko eta gehiengo zabalez babestu zen bozketan. Izaro Elorza alkatera Gipuzkoako Lurralde Batzordeko kide izango da, aurreko legealdian bezala, eta Batzorde Eragileko partaide ere bai, bokal gisa. Eudeleko batzorde eragilean eta Gipuzkoako lurralde batzordean parte hartuko duen Debagoieneko ordezkari bakarra izango da Oñatiko alkatea. Batzordearen osaera maiatzaren 28an herritarrek emandako mandatuaren ispilu dela esan du Izaro Elorzak, eta elkarlanetik, herrialdeko udalak erronka handiei erantzuteko abangoardia izango direla zehaztu du.
Euskadiko Udalen Elkarteak Donostian egin zuen batzar nagusian, 2023-2027 agintaldirako gobernu organo berriak izendatu ziren. Eudeleko 245 udal bazkidek bozkatu zuten, eta, aurrez iragarri bezala, Esther Apraiz, Derioko alkatea, izendatu zuten elkarte-buru. Ondoan, beste lau urtez jarraituko dute, Azpeitiko alkate Nagore Alkortak eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok. Bien eskutik jaso zuen aginte makila Apraizek eta hitzaldian, elkarrizketa eta adostasuna zaintzen jarraitzea proposatu zuen, udalerri guztiek batera lan egiteko, helburu amankomunen, herritarren ongizatearen eta bizi kalitatearen alde.
EUDELetik, udalerrientzat sor daitezkeen aukera guztiak aprobetxatzeko xedez, Esther Apraizek hasierako hiru proposamen egin zituen: Udalgintza feminista baten aldeko apustua egitea, herritarrekiko konfiantzazko zubiak eraikitzea eta lankidetza instituzionala bultzatzea. 2023-2027 agintaldian 2.661 hautetsi daude EAEn, eta % 47 emakumeak dira. Horietatik 84 alkateak dira, aurreko agintaldian baino hamar gehiago.
Atzo eratu zen Eudeleko batzorde eragilea hamabost kidek osatuko dute eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde batzordeak beste bederatzina kidek. Aipagarria da Izaro Elorzak bi ordezkaritza beteko dituela, batzorde eragilean eta lurraldekoan, Elgoibarko eta Asparrengo alkateen antzera.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!