EUDELeko Batzorde Eragilearen adierazpena bere egin du Oñatiko udalbatzak
Euskararen erabileraren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiaz lau puntuko adierazpena onartu zuen EUDELeko Batzorde Eragileak, urriaren 19an. Adierazpena bere egin zuten udalbatzako bi taldeek azken Osoko Bilkuran.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen defentsa egiten da adierazpenean, udal-autonomiaren eta toki-erakundeen eskumenen bermatzaile gisa, zehazki, euskararen esparruan. Eta legea ezinbestekotzat jotzen da udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko.
Urrian eman zen azken epaia toki-autonomiaren aurkakoa dela dio adierazpenak, hizkuntza arloko udal-eskumenen garapen osoa mugatzen duelako. Eta bereziki larritzat jotzen da, euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan-hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea, funtsezkoak baitira administrazioarekin harremanetan jartzeko hizkuntza ofiziala aukeratzeko herritarrek duten eskubidea bermatzeko.
Era berean, udalek hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea oztopo dela dio adierazpenak, kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak direla gaineratuz.
Adostasun politiko eta instituzionalari eta euskal gizartearen elkarlanari ere erreferentzia egiten zaio adierazpenean, euskal hiztunen komunitatearen bultzada borondateak ahalbideratu duelako euskara indartzea. Eta hizkuntza-eskubideen garapenean aurrera egiten jarraitzea aldarrikatzen du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!