Etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora aurkeztu diren enpresen eskaintza ekonomikoak baloratu eta argitaratu dira
Sei enpresa aurkeztu ziren etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko lizitaziora. Kontratazio mahaiak, aurkeztutako txosten teknikoak baloratu ondoren, eskaintza ekonomikoen plikak ireki zituen pasa den astelehenean, eta horiek ere baloratu berri ditu.
Udalak esleipenerako finkatu zuen gehienezko prezioa gehien merkatu duen enpresak puntuaziorik altuena lortu du eta horren arabera baloratu dira gainontzekoen proposamenak. Lan egunetako nahiz jai egunetako prezio proposamenak berezitu eta baloratu dira. Balorazio horretan puntuaziorik altuena, Bizitzen fundazioak jaso du. Baina txosten teknikoaren balorazioan puntuaziorik altuena lortu zuen Eulen enpresak, puntu aldeari eutsi dio. Eulen enpresa da gaur egun Oñatin etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duena.
Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beren burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz. Gaur egun, 70en bat herritar, familia dira etxez etxekako laguntza zerbitzua jasotzen dutenak. Horretan lanean berriz, 34 lagun ari dira.
Eulen enpresak betetzen du esan bezala, etxez etxeko laguntza zerbitzua Oñatin. Kontratua urte amaierara arte dauka baina Udalak, kontratua betetzera itxaron gabe, lizitazio berrirako prozesua martxan jarri zuen.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!