Oñatiko udala

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua finantzatzeko hitzarmena luzatu dute Udalak eta Foru Aldundiak

2025/01/22
Card image cap
2021ean sinatutako dokumentua 2025eko irailaren 30era arte luzatzea erabaki da

  Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantzazioa hiru hanka edo zutabetan oinarritzen da; zatirik handiena Udalak ordaintzen du, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eta erabiltzaileek ere ekarpena egiten dute. Duten diru sarreraren arabera zehazten da erabiltzaileen ekarpena eta, gainontzekoa, Udalak eta Foru Aldundiak aurrez sinatutako hitzarmenaren arabera betetzen dute. Hala erabaki zuten bi aldeek 2018an eta hala berretsi zuten 2021ean.

  2021eko urrian sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena 2023an bete zen baina urtez urte luzatzeko aukera jasotzen da, gehieneko iraupena lau urtekoa izaki. Hala, pasa den abenduko 10eko Diputatuen Kontseiluan erabaki zen hitzarmena bederatzi hilabetez luzatzea, hain justu ere, lau urteko epemuga beteko den 2025eko irailaren 30era arte.

  Urtetik urtera handituz doa etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gastua; 2019an ia 778 mila euro izan zen eta 2024an, azarora arte, 1.172.193 euro, %50 handiagoa. Erabiltzaileek orduko ordaintzen duten tasa mugatuta dago eta hortik gora, zerbitzuaren gastua betetzeko kostua Udalak hartzen du bere gain, Aldundiaren ekarpenarekin. Proportzioan, Udalaren diru ekarpena handituz doa urtetik urtera; lehen aipatutako 2019an, zerbitzuaren kostuaren %63a Udalak ordaintzen zuen eta 2024an, %65a izan da. Erabiltzaileek %15a ordaindu dute eta Diputazioak gainontzeko %19a.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beraien burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua da. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!