Oñatiko udala

Etxez etxeko laguntza-zerbitzua finantzatzeko hitzarmena luzatu dute Udalak eta Foru Aldundiak

2024/01/05
Card image cap
2021ean sinatutako dokumentua 2024ko urte amaierara arte luzatzea erabaki da

  Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantzazioa hiru hanka edo zutabetan oinarritzen da; zatirik handiena Udalak ordaintzen du, baina Foru Aldundiak eta erabiltzaileek ere ekarpena egiten dute. Duten diru sarreraren arabera zehazten da erabiltzaileen ekarpena eta, gainontzekoa, Udalak eta Foru Aldundiak aurrez sinatutako hitzarmenaren arabera betetzen dute. Hala erabaki zuten bi aldeek 2018an eta hala berretsi zuten 2021ean.

  2021eko urrian sinatu zuten elkarlanerako hitzarmena 2023an bete zen baina hitzarmenaren hamalaugarren klausulan jasotakoa gauzatuz, beste urte batez luzatzeko erabakia hartu dute, Aldundiak, abenduko 12ko Diputatuen Kontseiluan, eta Udalak, abenduaren 14ko Osoko Bilkuran.

  Urtetik urtera handituz doa etxez etxeko laguntza zerbitzuaren gastua; 2018an 576.645 euro izan zen eta 2023an, azarora arte, 989.947 euro, %71 handiagoa. Erabiltzaileek orduko ordaintzen duten tasa mugatuta dago eta hortik gora, zerbitzuaren gastua betetzeko kostua Udalak hartzen du bere gain, Aldundiaren ekarpenarekin. Proportzioan, Udalaren diru ekarpena handituz doa urtetik urtera; lehen aipatutako 2018an, zerbitzuaren kostuaren %57a Udalak ordaintzen zuen eta 2023an, %68a izan da. Erabiltzaileek %14a ordaindu dute eta Diputazioak gainontzeko %18a.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua ezintasun maila ezberdina duten pertsonei eskaintzen zaie, etxeko garbitasunetan, bazkaria prestatu edota jantzi eta beraien burua txukuntzeko astean hainbat orduz eskaintzen den laguntza zerbitzua da. Helburua, zerbitzuaren onuradun direnen autonomia maila mantentzea da, etxean bizi direla, behar duten laguntza eskainiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!