Etxerako berokuntza sistemarik egokiena identifikatzeko tailerra antolatu da datorren asteazkenerako
Energia Argitu programaren baitan tailer berria emango da gurean, datorren asteazkenean, hilaren 29an. Etxean energia aurreztu eta modu eraginkorrean erabiltzeko gai orokorraren baitan berokuntza sistema aztertuko da, Jakin ezazu zein den berokuntza sistemarik egokiena zure etxebizitzarako tailerrean.
Modan egon litekeen berokuntza-sistema dena delakoa ere, eraginkorrena gerta dakigukeena aukeratzeko hainbat faktore hartu behar dira kontutan: etxebizitza mota, instalatuta dauzkagun aparatu edo hodiak edota etxebizitzaz egiten dugun erabilera, ohiko bizilekua den edo aldian aldian erabiltzen duguna. Datorren asteko tailerraren helburua da herritarrak gaiari buruzko nozio argi batzuekin ateratzea eta berogailu-sistemei buruzko oinarrizko irizpideak izatea, merkatuko berrikuntzek eragindako erabakiak ez hartzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak eta Udalak elkarlanean antolatu du datorren asteazkeneko tailerra. Orain 15 egun etxean energia modu eraginkorrean erabili eta dirua aurrezteko gomendio orokorrak eman ziren, orain, berokuntza sisteman zentratuko dira. Azaroaren 29an, 18:30etan hasita Kultur etxean emango den tailer honetara joateko aurrez izena eman behar da, telefonoz, 605 75 76 87 zenbakira deituta edota posta elektronikoz, argitu@gipuzkoa.eus helbidera mezua bidalita. Etzi, osteguna, azaroaren 23a da izena emateko azken eguna.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!