Etxeko hondakinak uzteko larrialdi guneen erabilerari buruzko argibide orriak banatu ditu Mankomunitateak.
Oporretara goazelako edo otordu handiren bat eginda etxean hondakinak pilatu ditugulako, larrialdi guneak eskuragarri ditugula gogorarazi nahi digu Mankomunitateak. Oñatin, bi dira larrialdi gune horiek: San-Lorentzo auzoan, ETEO Zaharreko aparkalekuan eta Garagaltza auzoan Garbigune gainaldean dagoen aparkalekuan.
Bertarako sarbidea digitalizatu egin da eta hasieran, Udaltzaingoan eskuratzen zen giltza bidez sartu bazitekeen ere, gaur egun, atea, telefonoz emango zaigun kode bat sakatuz irekiko da. Ez da ordea, egunero erabiltzen den zerbitzua eta horretxegatik, erabilera azalduz, argibide oharrak prestatu ditu Mankomunitateak.
Larrialdi guneko atea irekitzeko kodea eskuratzeko, Mankomunitateak propio aktibatu duen telefono zenbaki batera deitu behar da: 943.252288 zenbakira deitu behar da. Grabatutako lokuzio baten bidez, hizkuntza hautatzeko aukera emango da. Ondoren, etxeko hondakin kuboetan agertzen den 12 digitutako zenbakia eskatuko zaigu, kuboetako pegatinetan goialdean agertzen diren identifikazio digituak. Zein herritik ari garen zehaztea izango da hurrengo urratsa eta ondoren, larrialdi gunea irekitzeko kode zenbakia emango zaigu. 4 digituko kode honek, 24 orduko balioa du, hau da, kodea eskuratuta egun osoa izango dugu pilatutako hondakinak larrialdi gunera eraman eta bertako atea ireki ahal izateko.
Banatu diren argibide orrietan edukiontzi bakoitzean utzi daitezkeen hondakinak zeintzuk diren eta nola utzi behar diren ere zehazten da. Ingurua txukun mantentzeko, irteterakoan atea kolpez ixteko eta arazorik balego atez ateko informazio bulegoarekin harremanetan jartzeko ere adierazten da argibide orrian.
Baina papera galdu daitekeenez oinarrizko informazioa elementu magnetiko batean ere jaso eta zabaldu da. Hozkailu edo beste etxetresnaren batean itsatsi daitekeen imanean argibideak beti eskuragarri izango dira.
Bai orria baita itsasgarri magnetikoa ere, herriko etxeetara, postontzietara banatzen ari da Mankomunitatea.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!