Oñatiko udala

Etxean energia modu eraginkorrean erabili eta aurrezten ikasteko tailerra antolatu da asteazkenerako

2023/11/03
Card image cap
Parte hartzeko izena eman behar da, astelehena, 18:00ak baino lehen

  Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Udalarekin elkarlanean antolatu du datorren asteazkeneko tailerra. Etxean energia modu eraginkorrean erabili eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendioak emango dira; energia aurrezteko balio duten ohitura aldaketak azalduko dira eta eraginkortasun energetikoa erraztuko diguten materialak erakutsiko dira. Gainera, bertaratzen direnei energia aurrezteari buruzko aholku praktikoen gida banatuko zaie.

  Asteazkenean, azaroaren 8an egingo den tailerra Energia Argitu programaren baitan antolatu da. Gipuzkoako sektore ezberdinei energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da helburua. Horretarako, aurrez aurreko prestakuntza saioak, on-line tutorialak, aholku-gidak eta programaren web gunea eskuragarri daude. Oñatin, aurrez aurreko tailerra antolatu da asteazkenerako, esan bezala. Kultur etxeko zine aretoan izango da, 18:30tan. Baina parte hartzeko izena ematea eskatzen da. Astelehenean, 18:00etan itxiko da izen-emate hori. Izena, telefonoz eman daiteke, (628 530 303) edo posta elektronikoz (argitu@gipuzkoa.eus). Gutxienez bost lagun behar dira tailerra egin ahal izateko.

  Interesa ikusiz gero, etxeko energia modu eraginkorrean erabili eta aurrezteko beste tailer batzuk antolatu daitezke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!