Etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko 2024 kanpaina hasi du Udalak
Gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean su detektagailuak etxebizitza partikularretan jartzeko udal laguntzen iragarkia. 80 urte izan eta etxean bakarrik edo 80 urte dituen beste lagunen batekin bizi direnei zuzenduta dago etxean su detektagailuak jartzeko kanpaina. Gazteagoek ere eskatu dezakete udalaren laguntza baldin eta mendekotasun, bakardade edo ageriko arrisku egoeran bizi badira. Kasu honetan, udaleko Ongizate batzordeak eskaeraren aldeko ebazpena egin beharko du, dagokion balorazioa burutu ondoren. Interesa duenak, eskaera, udaletxean, HAZ zerbitzuan egin behar du.
Eskaera onartuta, instalazioa egingo dien teknikoen bisita jasoko dute herritarrek etxean. Ke detektagailua instalatu aurretik sua sortzeko arrisku fokuak identifikatu eta prebentziorako oinarrizko gomendioak emango dira. Etxearen krokisa egingo dute, beharra balego ebakuazioa erraztu eta arintzeko. Azken urratsa berriz, beharrezkoak diren su detektagailuak jartzea izango da. Udalak bere gain hartuko du bai su detektagailuak jartzearen kostua eta hauen ondorengo mantenu gastua ere. Kanpainak bizpahiru gauzatze epe izaten ditu eta udaberrian, udan eta udazkenean jasotzen diren eskaerak aztertuta, su detektagailuak instalatzen joaten dira, azken egunera arte itxaron barik.
Iaz 3 etxebizitzatan egin ziren instalazio berriak eta aurretik zeudenak batuta, 131 etxebizitzatan daude une honetan udalak jarri eta mantentzen dituen su detektagailuak. Gaur iragarri den 2024ko kanpainari aurre egin ahal izateko 5.100 euroko partida gorde du Udalak. Eskaerak egiteko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!