Etxe "okupazio" ahalegina izan zen abendu amaieran
Abenduaren 27an jaso zuen udaltzaingoak Artzubi baserrira ezezagunak sartu eta bertan bizitzen ari zirenaren abisua. Leihoetan mantak jarriak zituzten eta kate handi bat atean. Baserriaren jabeari gertatutakoaren berri eman zitzaion.
Hurrengo egunean, abenduaren 28an, udaltzainek jabeari baserrira lagundu zioten, jabeak hala eskatuta. Eguerdian egin zen bisita horretan ez zuten inor eraikinean ikusi baina ateko sarraila ondo, kalterik gabe zegoela egiaztatu zuten eta etxera sukaldeko leihoren batetik sartu zirela ondorioztatu zuten. Arratsaldean udaltzainak berriro itzuli ziren eta lau lagun, topatu zituzten baserri barruan. Jabetza pribatu batean zeudela adierazi eta, arazorik sortu gabe, bertatik irten ziren, beraien gauza guztiak hartuta. Jabeek etxea babesteko neurriak hartuko dituztela jakinarazi zuten, gertaera errepikatu ez dadin.
Artzubi baserriaren okupazio ahalegina izan da Gabonetako gertaera nagusia, halakoak ezohikoak direlako gurean. Baina lapurreta baten salaketa eta hainbat zauritu eragin zituen istripua ere azpimarratu ditu udaltzainburuak Eguberritako intzidentzien txostenean.
Abenduaren 23an Txopekua jatetxetik deia jaso zen, aparkalekuan zegoen auto batetik poltsa lapurtu zutela jakinaraziz. Ertzaintzak jaso zuen salaketaren arabera, autoaren aurreko eskuinaldeko leihoa apurtu eta poltsa bat eraman zuten, jabearen dokumentazioarekin.
Abenduaren 31n, berriz, istripua gertatu zen Unibertsitate etorbidean, kale garbiketan aritzen den barredora eta Lurraldebuseko autobus baten artean. Autobusean zihoazen bi bidaiari zauritu zuen eta barredoraren gidaria ere bai. Azken hau, anbulantziaz Arrasateko ospitalera eraman zuten, artatu zezaten.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!