Oñatiko udala

Eskualdeko 260 haurrentzako jostailuak eman dizkio Gurutze Gorriak Olentzerori

2023/12/21
Card image cap
Jostailu Hezitzailea kanpainarekin bat egin duten guztiei eskerrak publikoki eman nahi zaizkie

  Jostailu hezitzailea kanpainan bildutako jostailuak Olentzeroren esku utzi ditu Debagoieneko Gurutze Gorriak, eskualdeko familiatako 260 haurri emateko. Egoera ekonomikoa dela eta seme-alabei opariak erosteko zailtasunak dituzten familiak dira elkartasun kanpainaren onuradunak. Beharra duten familiak identifikatzeko udaletako gizarte zerbitzuen laguntza izaten du Debagoieneko Gurutze Gorriak.

  Jostailu hezitzailea kanpainarekin bat egin duten guztiei eskerrak eman dizkie Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak, bai jostailu berriak eman, jostailu-txekeak eskuratuz edo kontu korrontean dohaintzak egin dituzten herritarrei, Debagoieneko udalerrietako gizarte-zerbitzuei, Arrasateko Eroski Hipermerkatuari jostailuak biltzeko lekua uzteagatik eta eskualdeko enpresei kanpainan laguntzeagatik, eta, jakina, erakundeko boluntarioei, hauen lanik gabe ezinezkoa izango zatekeelako 260 haurrek jostailu berri bat izatea Gabonetan.

  Debagoieneko Gurutze Gorriak 40. urteurrena ospatzen dihardu eta 1983az geroztik eskualdean larrialdi, arreta soziosanitario eta esku-hartze sozialeko ekintzetan parte hartzen du. Azken urtean, zaurgarritasun egoeran dauden 470 familia artatu ditu eskualdeko Gurutze Gorriak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!