Oñatiko udala

"Eskola kirola eraldatzen" topaketa antolatu du Oinherri herri hezitzaileen sareak

2021/02/03
Card image cap
Esperientzia ezberdinak partekatuko dira, tartean Oñatikoa

  Eskola kirola balioetan hezteko tresna edo bitarteko da. Baina haratago joateko nahia eta beharra ikusten dute hainbat herri ordezkarik. Norantz bideratu erabaki aurretik, dena den, tokian tokiko ereduak ezagutu eta hauen inguruko hausnarketa egitea ezinbestekoa ikusten dute. Eta horixe da Oinherri sareak otsailaren 19rako antolatu dituen topaketen bidez egin nahi duena, herri hezitzaileen sarea osatzen duten herrien esperientziak partekatu eta egoeraz hausnartu.

  Zumaiako Aita Mari aretoan antolatu den topaketa irekia izango da, interesa duten guztientzat, baina izena eman behar da, Oinherriko web atarian sartuta. Topaketan, eskola kirola balioetan hezteko tresna moduan garatzeko marko teorikoa landuko da eta, Oinherri herri hezitzaileen sareko lau herritako esperientziak/praktika onak ezagutuko dira: Oñati, Usurbil, Oarsoaldea eta Hernani. Bide batez, Gipuzkoako Foru Aldundian azken urteetan hartutako norabideaz azalpenak emango dira. Eskola kirola eraldatzen topaketa otsailaren 19an egingo da, esan bezala, 9:30tatik 13:00tara.

  Oñati Oinherri sareko kide da iaztik. Ofizialki irailean sinatu zuten lankidetza hitzarmena Udalak eta elkarteak baina harremana lehenagotik zetorren. Oinherri elkarteak zazpi printzipiotan oinarritzen du bere xedea baina guztietan lehena, herritar oro berez hezitzailea dela da.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!