Oñatiko udala

Eskola arrakasta programa Debagoienera zabaltzeko boluntarioen izen-ematea ireki du Gurutze Gorriak

2023/07/03
Card image cap
Bergaran lau ikasturtez bete da Eskola arrakasta egitasmo berezia

  Egoera zaurgarrian dauden familietako haurrei laguntza akademikoa ematean datza eskola arrakasta proiektua. Bergarako udaleko Gizarte Zerbitzuekin elkarlanean garatu da eta 8 eta 12 urte bitarteko 20 haur baino gehiago hartu ditu, lau ikasturtetan. Gizarte esku-hartze programa hau Debagoieneko beste herri batzuetara zabaltzeko asmoa du Gurutze Gorriak, beti ere, hartarako gertu dauden boluntarioak biltzea lortzen badu. Izena emateko epea ireki dutela jakinarazi da Elorregiko egoitzatik.

  Eskola arrakasta proiektuan aritzeko ez da aldez aurreko prestakuntzarik edo esperientziarik behar, boluntariotza proiektu bat da eta gizarte-kausetan lagundu nahi duten herritar guztiei irekita dago. Boluntarioek lagundu egiten dute, ahal duten neurrian, eta beti esperientzia handieneko boluntarioen laguntza daukate. Ikasteko eta elkarri laguntzeko dinamika da programaren arrakastaren gakoetako bat. Gizarte-proiektuetan laguntzeko gogoa duten debagoiendarrei Gurutze Gorriarekin harremanetan jartzea eskatzen zaie San Prudentzioko postutik. Bergaran 8 boluntario aritu dira aurten baina egitasmoa bailarako beste herri batzuetara zabaltzea da asmoa, beti ere, boluntarioak bildu eta tokian tokiko udalek laguntzen duten neurrian.

  Halako proiektuak gauzatzeko baliabide ekonomikoak ere behar dira, eta horregatik uztailaren 20an egingo den urrearen zozketarako txartelen salmenta handitzeko ahalegina egingo dute Gurutze Gorriko boluntarioek datozen egunetan. Erritmo onean doazela eta iazko diru sarrerak errepikatzeko itxaropena dutela adierazi dute Elorregiko egoitzatik. Izan ere, bertan saldutakoaren zatirik handiena eskualdean geratzen baita, tokian tokiko behar eta proiektuetarako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!