Oñatiko udala

Eskola Agenda 2030aren baitan energiaz egindako lanketa aurkeztu diete ikasleek udal ordezkariei

2023/05/17
Card image cap
Energia aurrezteko bitartekoak, garraio publikoa bultzatzea eta bidegorri sarea osatzea eskatu dute

  Energia izan da Eskola Agenda 2030aren baitan herriko ikasleek aurten landu duten gaia. 3 eta 18 urte arteko ikasleak aritu dira, bakoitzaren adin eta ezagutza mailaren arabera, energia arloan herriaren egoera zein den aztertzen. Ikasturtean egindako lanaren berri eman diete goizean udal ordezkariei, politiko eta teknikariei. Hainbat proposamen konkretu egin dizkiete eta, aldi berean, hartu dituzten konpromisoak azaldu dizkiete.

  Herritarrei eguzki panelak jartzeko erraztasunak ematea eta energia aurrezteko informazioa ematea; herri barruko bidegorri sarea osatu eta, adibidez, San Martinen bidegorria egitea; kaleko farola zaharrak berritu eta kontsumo gutxiko bonbilak jartzea, eta faroletan sentsoreak jartzea, pertsonak pasatzerakoak aktibatu eta argia piztu dadin baina bestela itzalita mantendu daitezen; garraio publikoa bultzatzea, maiztasuna eta ibilbide kopurua handituz eta ibilgailu elektrikoak jarriz; bertako zuhaitz espeziek landatzea eta eremu berde gehiago eratzea dira ikasleek udalari egindako proposamenetako batzuk.

  Aldi berean, hainbat konpromiso hartzeko prest azaldu dira ikasleak: etxean energia aurrezten saiatzea eta argi naturala dagoenean argia itzalita mantentzea eta kaleko argiteria zaintzea; bizikleta eta garraio publikoa gehiago erabiltzea; zuhaitzak landatzen lagundu eta hauek zaintzea, besteak beste.

  Ikasleek adierazitakoa interesez entzun dute udal ordezkariek eta zenbait azalpen ere eman dizkiete udaletxeko areto nagusira hurbildu diren ikasleei. Urgain-Errekalde, Elkar Hezi, Txantxiku ikastola eta Oñati institutuko hainbat ikasle izan dira herriko ikasle komunitate zabalaren bozeramale goizean egin den udal foroan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!