Oñatiko udala

Eskaintza berrituta datoz eskulan ikastaroak

2023/10/04
Card image cap
Zeramika ikastaroak berreskuratu dira eta haurrek ere eskulan dekoratiboak egiten ikasiko dute

  Haurrei zuzendutako eskaintza bereziki handitu da eskulan ikastaroetan. Pintura lantzeko aukera zabaldu da eta adinaren arabera, haur eta gaztetxoentzat bost talde osatzeko eskaintza zehaztu da, 2023-2024 ikasturterako; 6-8 eta 9-13 urte bitartekoentzat ostegunetan edo ostiraletan emango dira pintura eskolak eta bosgarren talde bat eratuko da,14 eta18 urte bitartekoentzat, ostiraletan, arratsaldeko lehen orduan. Nagusien pintura ikastaroak astelehen eta asteartetan izango dira, orain arte bezala, 16:00etatik 18:00etara lehen taldekoak eta 18:00etatik 20:00etara bigarren taldekoak.

  Asteartetan arituko dira baita ere, eskulan dekoratiboetan izena ematen duten helduak: 15:00etatik 17:00etara edo 18:00etatik 20:00etara. Baina ikasturte berriko nobedadeetako bat da, 8 eta 12 urte bitarteko neska mutikoek ere eskulan dekoratiboak egiten ikasi ahal izango dutela. Kasu honetan eskolak asteazkenetan izango dira eta ordu eta laurdeneko iraupena izango dute. Bi talde osatzeko aukera eskaini da, 17:00etatan lehenak eta 18:30etan bigarrenak.

  Zeramika ikastaroa berreskuratu izana da beste berrikuntza. Hainbat urtez ez da zeramika lantzeko aukera eskaini udalak antolatzen dituen ikastaroetan baina aurten bai. June Larzabal izango da irakaslea eta honek ere, helduei nahiz gaztetxoei eskainitako kurtsoak emango ditu. Aipagarria da gainera, goizetan egin ahal izango den ikastaro bakarra dela. Zeramika eskolak astelehenetan izango dira: 11:00etatik 13:00era edo 15:30etatik 17:30etara, helduei zuzenduta, eta 18:00etatik 20:00etara, 9-13 urte bitarteko gaztetxoentzat.

  Plazak mugatuak dira jarduera guztietan. 147 plaza eskainiko dira ikasturte honetan. Dauden plazak baino lagun gehiagok izena emango balu, plazak zozketaz esleituko dira. Bihar irekitzen da izena emateko epea, urriaren 18ra arte eta  onartuen zerrendak urriaren 25ean argitaratuko dira. Izena ematerakoak jakinaraziko den kontu korrontetik kobratuko da matrikula eta eskulan ikastaroak, azaroaren 2ko astean hasiko dira.

  Ikasleen adinaren arabera, matrikula kostua ezberdina izan ohi da, helduek 83,32 € ordaindu beharko dute eta adingabeek 61 €. Aipagarria da, Oñatin erroldatuta dauden langabetuak matrikula ordaintzetik salbuetsita egongo direla baldin eta langabezia prestazio ekonomikorik ez badute edo agortuta badaukate.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!