Eskaera bakarra jaso da Herri Eguneko taloen taberna kudeatzeko
Herri Egunean, talo taberna kudeatzeko eta unibertsitatean jartzen den artisau azokan parte hartzeko eskaerak egiteko epeak atzo amaitu ziren. Ezker abertzalearen izenean jaso da Kultur etxean Herri Egunean institutu aurrealdean jarri ohi den taloen taberna kudeatzeko eskaera. Bakarra izan da. Urteetan talde honek egin du herri tabernaren kudeaketa eta zeregin horretan jarraitzeko asmoa agertu du aurten ere. Herri eguneko talo-tabernaren kudeaketa hartuta, tabernaren horniketa eta ustiaketa osoa egin beharko du taldeak eta lortutako irabaziak berarentzat izango dira.
Egun berean baina unibertsitateko klaustroan, artisau azoka egiten da eta aurten ere zer ikusia izango dela ziurtatuta dago, kanpoko 25 artisauek eskaera bete baitute. Horiei, herriko artisauak batu beharko zaizkie. Baina hauek whatsapp talde bat dute eta izen-ematea bertatik egiten dute. Gogoratu, herriko artisauentzat 20 leku gorde direla eta guztiak beteko ez balira kanpoko artisau gehiagori egingo litzaiekela lekua. Guztira, 30 artisauren lanak erakutsi nahi baitira Herri Eguneko azokan.
Eskaera egin duten 25 artisau horien eskaintza baloratuko da, azoka ahalik eta anitzena eta zabalena izan dadin. Deialdia egin zenean parte hartzeko irizpideak adierazi ziren: artisauek egiten duten lanaren kalitatea eta produktu originalak izatea bereziki kontutan hartuko da, lana egitearen prozesua bera ere jende agirian erakutsi nahi da eta ondorioz lana azokan bertan egin ahal izatea baloratuko da. Eskaera egin duten artisauei datorren astean, uztailaren 23tik aurrera erantzungo zaie.
Aurten Herri Eguna urriaren 5ean ospatuko dugu.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!