Errepide bazterreko aparkalekuak bihar 20:00etarako hustu beharko dira, Tourra dela eta
Frantziako Tourraren tropelak igandean zeharkatuko du Oñati baina lehen neurriak bihar bertan sartuko dira indarrean. Txirrindularien ibilbidean zehar dauden aparkalekuak hustu egin beharko dira larunbat arratsaldeko 20:00etarako. Igandean, Elorregi eta Udanako sarrera-irteerak itxi egingo dira, 10:00etatik 15:30etara, eta auto, bizikleta eta oinezkoentzat ere zirkuitua itxita egongo da. Bidegurutzeak eta errepidea zaintzen egongo diren boluntario eta arduradunen esanak jarraitzeko eskatu du udaltzainburuak.
Gogoratu, Frantziako Tourreko tropela Elorregitik sartuko dela Oñatira 14:00ak aldera. Zubillaga auzoa erdigunetik igaroko du eta saihesbidetik Jaumendiko errotondara iritsiko da eta handik behera, Portalekua eta Bidaurretako errotondak igarota, Udana aldera joango dira txirrindulariak. Bi ordu lehenago, eguerdiko 12:00ak aldera, Tourreko karabana publizitarioa igaroko da.
Osasun zerbitzuak bereziki zaindu dira igandera begira eta anbulatorioa zabalik egongo da 9:00etatik 15:00etara. Etxeko ospitaleratzeak eta emergentzia zerbitzua bermatuta egongo dira. Larrialdiren bat gertatuz gero ibilgailu partikularra hartu gabe 112ra deitzea eskatzen da. Eta norbait anbulantziaz ospitalera eraman behar bada, Zumarragara eramango da. Zubillagako suhiltzaileak berriz, Arrasatera aldatuko dira igande goizean, txirrindulariak parke ataritik pasako direlako.
Lurraldebuseko autobus zerbitzurik ez da izango baina bai Arantzazurako Herribus zerbitzua. Ohiko ordutegian arituko da baina geltoki bakarra izango du, Arantzazuko Ama kalean, Elkar Hezi ikastetxe aurrealdean.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!