Oñatiko udala

Errenta Aitorpena Euskaraz kanpainarekin bat egin du Udalak aurten ere

2024/04/09
Card image cap
Errenta aitorpena bete zuten oñatiarren %36ak euskaraz egin zuen iaz

  Kanpaina honen helburua da ahalik eta herritar gehienek errenta aitorpena euskaraz egitea, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan. 2006tik 2023ra 28 puntu handitu da aitorpena euskaraz aurkezten duten oñatiarren kopurua. Udalak 16 urte daramatza errenta aitorpena euskaraz betetzeko sentsibilizazio kanpainak egiten eta neurri eraginkorra dela argi dago, oñatiarrek urtetik urtera egien ari diren hizkuntza hautua ikusita; 2006an 500 ere ez ziren aitorpena euskaraz bete zuten herritarrak eta iazko kanpainan 2.524 izan ziren, aitorpen guztien % 36a alegia. Urtez urte kopuru hori handitzen ari bada ere, Oñatiko euskaldunen kopurua kontuan izanik, oraindik badago zer hobetua.

  Urtero legez, hiru bidetatik aurkeztu daiteke errenta aitorpena eta guztietan euskaraz egin daiteke. Auto-likidazio proposamena etxean jasotzen da eta elebitan jasota ere, onartzerakoan, euskaraz egin nahi dugula esan eta aurrerantzean, Ogasunak bidaliko dizkigun agiriak euskaraz iritsiko zaizkigu. Mekanizatua aukeratuz gero, hitzordua hartzerakoan euskaraz egin nahi dela adieraztea nahikoa izango da. Azkenik, internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta aholkulariren baten laguntzaz betez gero euskaraz egiteko eskatu.

  Edozein bide aukeratuta ere, Ogasunarekiko harremana euskaraz nahi dela adierazi besterik ez da egin behar aitorpena euskaraz bete eta aurkezteko. Xehetasun horiek ematen dira Errenta aitorpena euskaraz kanpaina dela eta etxeetara banatzen hasi diren esku-orrietan.

  Gipuzkoan atzo ireki zen 2023ko Errenta kanpaina eta hasi dira autolikidazio proposamenak ohiko postaz iristen. Autolikidazio proposamen horiek onartu daitezke jada. Etzi, ostegunez, errenta telematiko modalitatea hasiko da eta hurrengo egunean, ostiralean, aurrez aurreko arretarako hitzorduak ematen hasiko dira, aitorpen mekanizatuak aurkezteko epea apirilaren 16an irekiko delarik. Errenta aitorpen kanpaina uztailaren 1ean amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!