Errenta Aitorpena Euskaraz kanpainarekin bat egin du Udalak aurten ere

Kanpaina honen helburua da ahalik eta herritar gehienek errenta aitorpena euskaraz egitea, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan. 2006tik 2024ra 28 puntu handitu da aitorpena euskaraz aurkezten duten oñatiarren kopurua. Udalak 17 urte daramatza errenta aitorpena euskaraz betetzeko sentsibilizazio kanpainak egiten eta neurri eraginkorra dela argi dago, oñatiarrek urtetik urtera egiten duten hizkuntza hautua ikusita; 2006an 500 ere ez ziren aitorpena euskaraz bete zuten herritarrak eta iazko kanpainan 2.557 izan ziren, aitorpen guztien % 36a alegia. Urtez urte kopuru hori handitzen ari bada ere, Oñatiko euskaldunen kopurua kontuan izanik, oraindik badago zer hobetua. Errenta aitopena euskaraz kanpaina dela eta ondu den esku-orria gaur bertan hasi dira etxeetara banatzen.
Urtero legez, hiru bidetatik aurkeztu daiteke errenta aitorpena eta guztietan euskaraz egin daiteke. Auto-likidazio proposamena etxean jasotzen da eta elebitan jasota ere, onartzerakoan, euskaraz egin nahi dugula adieraziz gero, aurrerantzean, euskaraz iritsiko zaigu. Mekanizatua aukeratuz gero, hitzordua hartzerakoan euskaraz egin nahi dela adieraztea nahikoa izango da. Azkenik, internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta aholkulariren baten laguntzaz betez gero euskaraz egiteko eskatu. Edozein bide aukeratuta ere, Ogasunarekiko harremana euskaraz nahi dela adierazi besterik ez da egin behar aitorpena euskaraz bete eta aurkezteko.
Gipuzkoan bihar irekiko da 2024ko Errenta kanpaina, autolikidazio proposamenak bidali eta Ogasunaren web atarian argitaratzearekin batera. Autolikidazio proposamen horiek martxoaren 31tik aurrera onartu ahal izango dira. Errenta telematiko modalitatea berriz, apirilaren 3an hasiko da eta hurrengo egunean, aurrez aurreko arretarako hitzorduak ematen hasiko dira eta apirilaren 8tik aurrera Ogasuneko bulegoetan aitorpenak aurrez aurreko aurkeztu ahal izango dira. Aurtengo errenta aitorpen kanpaina ekainaren 30ean amaituko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!