Errekalde eta Moiua kaleen argiteria osatu eta hobetzeko luminaria berriak jarriko dira
Errekalde auzoa irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanen baitan, argiteria azpiegitura berritzen joan da azken urteetan, faseka. Baina gauzatze-eremutik kanpo geratu ziren zenbait argi-puntu aldatu gabe utzi ziren: eraikinen atzealdeetan daudenak, Moiua kale ingurukoak edota jolas-parkekoak, esaterako.
Errekalde eta Moiua kaleetako argiteria osatu eta hobetzeko lanak egitea erabaki da orain. Egun dauden 150 w.ko luminarien ordez, led motako 25 luminaria eta aplike jarriko dira. 25 luminariak eta zutoinak eskuratzeko hornidura prozesua onartu berri du Tokiko Gobernu Batzarrak. Materialaren erosketak 12.000 euro pasatxoko aurrekontua du.
Eskatu berri den materiala eskuratuta, lana, udal langileek egingo dute, dituzten beste zeregin batzuekin tartekatuz. Okerrik ezean, otsaila eta martxo bitartean jarriko dira led motako luminaria berriak Errekalde eta Moiua kaleetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!