Oñatiko udala

Erregistratutako 357 langaberekin eta % 6,59ko tasarekin amaitu da abuztua Oñatin

2023/09/06
Card image cap
Urteko kopuru handiena da

  Abuztua hilabete kaskarra izan ohi da enpleguarentzat gurean eta hala gertatu da aurten ere. Langabeziak nabarmen gora egin du Oñatin uda beteko hilabeteetan, uztaila eta abuztuan. 32 langabe gehiago erregistratu dira eta 357 lagunekin, abuztua, urteko langabe kopuru handieneko hilabetea bihurtu da gurean. Une honetan, langabezia tasa % 6,59 da, ekainean baino puntu erdi handiagoa.

  Adin tarte guztietan eta bai gizon nahiz emakumeen artean egin du gora langabeziak azken bi hilabeteetan Oñatin. Une honetan lana topatu nahi eta ezinean dauden 100 oñatiarretatik 57 emakumeak dira. Sektoreka berriz, zerbitzuen arloan izan da enplegu galera handiena eta alde positibo bat azpimarratzekotan, lehen enplegua lortu dutenen kopurua handitu dela, alegia, lan mundura sartu direla.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta berriz, langabezia tasa apalagoa da une honetan, 20 ehuneneko apalagoa, 11 langabe gutxiago daudelako, baina urte osoko gora beherei erreparatuta, kasik maila berean gaudela esan genezake, iazko abuztutik hona erregistratu den tasarik altuena izan delako 2023ko abuztuan.

  Oñatin bezala eskualdeko gainerako herrietan ere gora egin du langabeziak azken hilabetean, Elgetan izan ezik. Hego Euskal Herrira, orokorrean begiratuta ere, 3.000 langabe gehiago eta 13.000 afiliatu gutxiago erregistratu dira. Eskola oporrei eta turismoari lotutako kontratuen amaierari egotzi diote adituek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!