Errefuxiatuen beharrei erantzuteko baliabideak jarri eta harrera protokoloa aktibatzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernu Taldeak
Udal Gobernu Taldeak, errefuxiatuak hartu eta laguntzeko prestutasuna azalduz bost puntuko adierazpena onartu berri du.
Europako herrialdeetarako migrazio fluxua geldiezina dela dio udal adierazpenak. Gerra edo krisi humanitario eta ekonomikoetatik ihesi datozen milaka pertsonen heriotzaren aurrean, mendebaldeko agintariak motel eta erantzun ezinik ageri dira, mundua errealitate gordin horren lekuko isila den bitartean. Sirian, Iraken edota Afganistanen gertatzen ari diren barne gerra eta okupazio militarrek eta zenbait taldeen jarrera fanatiko eta muturrekoek, exodoaren giza drama eragin dute.
Errealitate berri honen irtenbidea konplexua dela jakinik ere onartezintzat jotzen du Udal Gobernuak Europar Batasunaren eta haren gobernuetako hainbat agintari politikoen isiltasuna. Gatazkek eta giza eskubideen urraketak eragindako migrazio fluxu honi alanbre hesiez eta jazarpen militarraz ezin zaiola erantzun dio udal adierazpenak.
Horren haritik, bost puntuko konpromiso adierazpena onartu du.
Krisi humanitario honi modu aktiboan eta elkartasunez eta justizia humanitarioz erantzuteko eskatzen die Udalak Europar Batasuneko estatu, gobernu eta agintariei, gerra hauetatik ihes egiten dutenei eta tragediaz baliatzen diren mafien biktimei laguntzeko bitartekoak jarri ditzaten.
Oñatiko Udalak bere aldetik Siria eta beste herrialde batzuetako gatazka politiko eta militarretatik ihes datozen errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du eta baita ere, konpromiso bera duten beste udal batzuekin elkar lanean aritzeko.
Udala harremanetan dago udalaz gaindiko instituzio, irabazi asmo gabeko erakunde nahiz herritarrekin tragedia honen aurrean egoerak eskatzen duen erantzuna emateko eta zentzu horretan, errefuxiatuen beharrei erantzuteko baliabide ekonomikoak jarri eta harrera protokoloa aktibatzeko konpromisoa hartu du udalak.
Era berean laguntzeko prest dauden herritarren sarea eraikitzeko bitartekariak ere abian jarri ditu Udalak. Lehen lehenik, lagundu nahi dutenei udalarekin harremanetan jartzea eskatzen zaie, telefonoz, 943.780411 zenbakira deituz edo zuzenean, Udaletxeko harrerara zuzenduz, edo mezua, honako helbide elektronikora bidaliz: partaidetza@onati.eus .
Laguntzeko gertu dauden herritarren datuak jasota, emango diren ondorengo urratsak erabaki eta zabalduko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!