Erorikoak saihesteko lau orduko tailerra antolatu da abenduaren 2 eta 3rako
64 urtetik gorakoen artean erorikoak izan ohi dira lesio eragile nagusiak EAEn. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako pertsonen erdiak; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. Arazoaren garrantzia kontutan hartuta, erorikoak saihesteko tailer teoriko-praktikoak antolatzeari ekin zion Udalak, osasun arduradunekin batera. Urtean birritan egin ohi dira eta aurtengo bigarrena abenduren 2 eta 3rako antolatu da.
Erorikoak saihesteko tailerra pertsona nagusiei eta euren senide edota zaintzaileei zuzenduta dago. Tailerra Kultur etxeko zine aretoan izango da eta bi saio teoriko-praktiko egingo dira, abenduaren 2an eta 3an, 16:00etatik 18:00etara. Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: erorikoak zergatik gertatzen diren eta zer egin daitekeen aurre hartu edo prebenitzeko; zer garrantzitsuak diren, honetan ere, ohitura osasungarriak izan eta ariketa fisikoa egitea; edota nolako laguntza teknikoak dauden eskuragarri, telelaguntza, esaterako. Ariketa praktikoak ere egingo dira nola erori eta erori ondoren nola jaiki ikasteko.
Erorikoak saihesteko lau orduko tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da osasun-zentroan edo bertara telefonoz deituta: 943 03 54 30 zenbakira. Tailerra doan da baina plazak mugatuak dira eta 25 lagunek egin ahal izango dute. Aurretik egin diren era honetako tailerretan, taldeak oso azkar bete direla kontutan hartuta, izena lehenbailehen ematea komeni da.
Hainbat erakundek bat egin dute erorketen prebentziorako tailer honen antolakuntzan: Udaleko Gizarte zerbitzuak eta Kirol departamentuak, batetik, osasun zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila, bestetik. Helburua, ahal den neurrian, erorikoen kopurua gutxitzea da
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!