Oñatiko udala

Erabilgarri dago jada Larrañako ur jolasen parkean egokitu den komun publiko berria

2024/06/04
Card image cap
Ekainaren 15ean jarriko dira martxan ur txorrotak

  Bainu denboraldia hasterako gertu eta erabilgarri dago Larrañako ur jolasen parkearen alboan instalatu den komun publiko berria. Gaur goizean bertan ireki dute. Lorke Systems enpresak hornitu eta instalatu du berez garbitzen den komuna, aurrez, udal brigadako langileek, ur eta argindar hartunetarako eta komunaren oinarri den zoladura prestatzeko obra zibila egin zutelarik.

  Komunaren kabina guztiz automatikoa da eta irisgarritasun neurriak betetzen ditu, aniztasun funtzionala duten pertsonek erabiltzeko aukera izan dezaten. Kabinak, 1,80 m diametrodun biratze-zirkulua, 0,90 m.ko ate zabalera du eta euste-barra finkoak. Komuna ez ezik, gela teknikoa ere jarri da ondoan baina komunetik berezituta.

  Larrañako ur jolasen parkea egin zenetik behin behineko komuna izan da inguruan, bainu denboraldirako propio instalatzen zena. Orain, komun publiko berria urte osoan zehar erabilgarri egongo da, uda zein negu. Ur txorroten parke ondoan komun publiko berria egokitzea Partaidetzazko aurrekontuak 2023-2024 prozesuaren baitan, 3. proiektu bozkatuena izan zen, 402 botorekin.

  Herriko pasealeku eta jolaslekuetatik hurbil instalatzen den seigarren komun publikoa da Larrañakoa. Lehenengoa, udaltzaingoaren atzealdeko komun publikoa izan zen, eta ondoren etorri ziren Torreauzo, Olabarrieta, San Lorentzo eta San Martingoa.

  Ekainaren 15ean jarriko dira martxan ur uhinak parkeko txorrotak eta hiru hilabetez egunero erabilgarri egongo dira, 11:00etatik 21:00etara. Usakoko bainu denboraldiak ere hiru hilabeteko iraupena izango du, ekainaren 15etik irailaren 15era.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!