Pentsioak osatzeko sistema propioren aldeko sinadurak biltzen jarraituko dute pentsionistek

Udazkenean tramitera onartu zen Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu dadin 10.000 sinadura behar ziren eta dagoeneko 95.000 lortu ditu Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak. Hauek aurkezteko maiatzera arteko epea dute eta ordura arte sinadurak biltzen jarraituko dutela adierazi dute, uste baitute, orduan eta sinadura gehiago lortu, aukera handiago izango dela Legebiltzarrak euren eskaerak onartu ditzan. Hainbesteko ahalegin eta babesa jaso ondoren Jaurlaritzak txosten negatiboa egitea ez luketela ulertuko adierazi dute mugimenduko ordezkariek.
Madrilgo gobernuak 1.080 euroko gutxieneko pentsioa legez onartzen duen bitartean, EAEn pentsioak osatzeko sistema propioa sortzea eskatzen dute; egun pentsio oso txikiak dituztenen kasuak aztertu eta pentsioa osatzeko eskubide pertsonala aitortzea eskatzen dute.
Oñatira etorrita, 900 sinadura inguru batu dira bi hilabetetan. 600 firma lortzeko helburua aspaldi bete zuten baina sinadurak batzen jarraituko dute herrian ere, nahiz eta lasaiago arituko direla adierazi diguten. Datozen asteetan ere, astelehenetako elkarretaratzeetara sinatzeko aukera izango dute pentsionisten eskaerarekin bat egiten duten herritarrek.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!