Enpresentzat nazioartekotzearen inguruko saio informatiboa eta ekintzaileentzat online tailerrak antolatu ditu Mankomunitateko Garapen Agentziak martxorako
Eskualdeko enpresa nahiz ekintzaileentzat informazio eta formazio saioak antolatu ditu Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak. Nazioartekotze arloan urrats berriak eman dituzten enpresa txiki eta ertainei zuzenduta ICEX Next programaren inguruko informazio jardunaldia egingo da martxoaren 12an.
ICEX España Exportacion e Inversiones entitate publikoak kudeatzen du ICEX Next deritzon programa. ICEXek kanpoko merkataritza-sarea eta langile-sarea sustatzeko, aztertzeko eta garatzeko gastuetan laguntzen du enpresek nazioarteko estrategia garatu dezaten. Esportazioetan hazi nahi duten enpresa txiki eta ertainei gainera, 50 orduko aholkularitza eskaintzen zaie, nazioartekotze eta kanpoko lehiakortasunaren arloetan adituek diren ICEXeko aholkulariekin. Guzti honen berri emango da Garapen Agentziak martxoaren 12rako antolatu duen online bidezko informazio jardunaldian. Ordubeteko saioa izango da, 9:00tatik 10:00tara, ICEXeko Gipuzkoa eta Euskadiko ordezkariekin. Parte hartzeko izena eman behar da Mankomunitateko 943 793 090 telefono zenbakira deituta.
Martxoan baita ere, baina 15 eta 22an, negozio ideiak garatu asmo duten ekintzaileei zuzenduta prestakuntza saioak egingo dira Garapen agentziak antolatuta. Ideia negozio aukera ote den aztertzeko bideak, dauden aukera juridikoak, negozioa martxan jartzeko irizpideak, kontabilitatea, zerga betebeharrak eta antzerako zalantzak argitzen saiatuko dira martxoaren 15ean, gazteleraz, eta 22an, euskaraz. Bi orduko online tailerrak dira, 10:00tatik 12:00tara eta kasu honetan ere parte hartzeko izena eman behar da, 943 793 090 telefono zenbakira deituta.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!