"Enpresen Transmisioa eta Jarraipena" jardunaldia egingo da bihar, udaletxean
BAILARA elkarteak egin berri duen ikerketa baten harira ikusi da Debagoieneko zenbait enpresen jarraipena zalantzan dagoela, jabeen erretiro prozesuek, ondorengotza ezak, nekeak edota beste egoerek eraginda. Muturreko kasuetan, jarraitutasun huts horrek enpresa ixtea eragin dezake, eta, ondorioz, enplegua eta aberastasun ekonomikoa eta soziala galdu erazi. Egoera hori identifikatuta erabaki zen enpresen transmisioa eta jarraipena izeneko jardunaldia antolatzea. Bailara elkarteko ordezkariekin batera, Gipuzkoako merkataritza Ganbera eta Debagoieneko Garapen Agentziako ordezkariak izango dira.
Oñatin, udaletxeko areto nagusian izango dira Enpresen transmisioa eta jarraipena jardunaldiok, Debagoieneko enpresei bereziki zuzenduta baina eskualdetik kanpokoei ere irekita. Jardunaldia bihar, 16:00etan hasiko da, BAILARA enpresa elkarteko kidearen aurkezpenarekin. Ondoren, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Koro Otegik, erakunde honek Enpresen Jarraipenerako duen Zerbitzuaren berri emango du eta Debagoieneko Garapen Agentziako Oihana Agirrek Geroa bermatuz ekimena aurkeztuko du. Baina erakunde ezberdinek dituzten zerbitzu eta proiektuez gain, kasu praktiko bat ere ezagutu ahal izango da jardunaldietan, Asier Martinek, Mecanizados de precision Belmek enpresaren esperientzia azalduko du.
Hurbiltzeko interesa duten Oñatiko enpresari eta autonomoak BAILARA enpresa elkartearekin harremanetan jarri daitezke. 20 bat lagunek bertaratzeko asmoa azaldu dute jada.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!