Oñatiko udala

Enpresagintza Fakultatearen eskaintza aurkezteko 13 ate ireki jardun egingo dira ikasturtean

2024/10/23
Card image cap
MUko campus eta fakultate ezberdinetan 149 saio egingo dira guztira

  Nagusiki aurrez aurreko saioak baina tartean, online bidezko banaka batzuk tartekatu dira 2024-2025 ikasturte honetan egingo diren ate ireki jardunen egutegian. Oñatin eta Enpresagintza Fakultatean programatu diren 13 saioak aurrez aurre beteko dira. LEINN edo Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradurako zazpi ate ireki jardun eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza gradurako beste sei antolatu dira. Lehena, ADE graduari dagokiona izango da, azaroaren 7an.

  Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza graduaren inguruko lehenengo ate ireki jarduna azaroaren 14an egingo da, eta hurrengoak, abenduaren 12an, urtarrilaren 25ean, otsailaren 20an, martxoaren 15ean, apirilaren 10ean eta maiatzaren 15ean izango dira. Urtarrilekoa eta martxokoa goizez izango dira eta gainontzekoak, arratsaldeko 17:30etan hasiko dira.

  Enpresa administrazioa eta zuzendaritza graduari dagozkion ate ireki jardunak sei izango dira, esan bezala: azaroaren 7an, abenduaren 12n, otsailaren 1ean, martxoaren 8an, apirilaren 5ean eta maiatzaren 22an. Kasu honetan, azarokoa eta maiatzekoa arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, eta gainontzeko lauak goizeko 11:00tan.

  Ate ireki jardun hauetan, formakuntza eskaintza aurkezten da eta instalazioak bertatik bertara ikusteko aukera dago. Jardunaldi bakoitza bi ordu ingurukoa izaten da eta zalantzak argitu daitezke graduetako arduradunekin, zuzenean parte hartzen baitute aurkezpenetan. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da MUko web atarira sartuta. Izen-ematea aktibatuta dago jada.

  Mondragon Unibertsitatearen eskaintza zabalduz doa eta urtetik urtera formazio zentro gehiagotan antolatu ohi dituzte ate irekiak. Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Goierri eta Bidasoako campusetan, Basque Culinary Centerren eta Bilboko AS Fabrik zentroei Galarreta, Bartzelona, Malaga eta Madrileko eskaintzak batu zaizkio, azken urte hauetan. Guztira 149 ate ireki jardun antolatu dira, azarotik ekainera bitartean. Batxilergoko lehen mailan daudenentzat ere saio bereziak egingo dira ekainean.

  Baina larunbat honetan bertan bere campus guztietako gradu-eskaintza aurkezteko azoka antolatu du Mondragon Unibertsitateak Donostiako Kursaalen. Stand bat eta koordinatzaile bana egongo da unibertsitateak eskaintzen duen titulu bakoitzeko, zalantza guztiak argitzeko. Gainera, interes orokorreko hitzaldiak egingo dira, askotariko gaiak jorratzeko: nazioarteko mugikortasuna, ikasketen finantzaketa, unibertsitatearen hezkuntza-eredua eta ikaskuntza-metodologiak. Jardunaldi informatiboa larunbatean, urriak 26, izango da, 10:00etatik 14:00etara, Kursaalen.

  Mondragon Unibertsitateak 18 unibertsitate-gradu eskaintzen ditu 2024-2025 ikasturtean, eta horietako 12 dualak dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!