Oñatiko udala

Enpresa onuradunen sarea zabaltzeko kanpaina berria egingo du Debagoieneko Gurutze Gorriak

2024/10/03
Card image cap
8 enpresa ongile ditu erakundeak, egun

  Babes-maila ezberdina ematen dioten enpresak ditu Debagoieneko Gurutze Gorriak bere sarean: 4 enpresa laguntzaile, enpresa patrozinatzaile bat eta 3 enpresa babesle. Baina elkartasunarekin konprometituta dauden hurbileko lantegien sarea handitu nahi du erakundeak eta horretarako kanpaina berri bati ekingo diote. Lehen fasea informazioari dagokiona da eta San Prudentzioko Gurutze Gorriak 2023an eta 2024an egin dituen jardueren dokumentazioa gutunez bidaliko die eskualdeko enpresei, laguntza ekonomikoa eskatzearekin batera. Interesa agertzen dutenekin, zuzenean berba egingo da, ondoren.

  Debagoieneko Gurutze Gorriari babes ekonomikoa ematen dioten enpresetako batzuk Oñatin kokatzen dira: Ulma fundazioa eta Onnera Group, lehen Fagor Industrial zena, esaterako. Bi horiek aipatu ziren Iñigo Guridi Kalibreri erakundearen domina emateko ekitaldian, ekainaren 29an.

  Debagoieneko Gurutze Gorriak hurbileko erantzukizun sozial korporatiboa sustatu eta zaintzen du, ez bakarrik, diru-funtsak eskualdeko enpresetan bilatuz, baita ezinbesteko oinarri duen boluntarioen lana suspertuz ere. Erakundearen benetako motorra boluntarioak direla adierazi du Javier Igartuak, Debagoienako Gurutze Gorriaren batzarreko presidenteak, baina era berean, enpresa onuradunen tokiko saretik jasotzen duten euskarri ekonomikoa erabakigarria dela azpimarratu du.

  Azken 12 hilabeteotan, San Prudentzioko Gurutze Gorriko Lurreko Bilaketa eta Salbamendurako Berehalako Erantzun Taldeak larrialdiko 9 esku-hartze egin ditu. Gainera, boluntarioek 41 prebentzio-zerbitzu eta beste horrenbeste osasun-esku-hartze egin dituzte, eta, esku-hartze sozialeko proiektuei dagokienez, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden Debagoieneko 524 familiari eman diete arreta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!