Oñatiko udala

Enpresa onesleen sarea sustatu nahi du Gurutze Gorriak

2023/10/20
Card image cap
Gurutze Gorriko boluntarioak eskola materiala prestatzen
Debagoienako enpresekin harremanetan jarriko dira, egiten duten lanaren berri eman eta enpresa onuradun bihurtzeko gonbidapena egiteko

  Eskualdearekin konpromisoa duten enpresen sarea handitu nahi du Debagoieneko Gurutze Gorriak, garatzen dituen jardueren iraunkortasun ekonomikoari laguntzeko.

  Debagoieneko Gurutze Gorriaren enpresa onuradunen sarea 9 lantokik osatzen dute egun eta egiten duten ekarpen ekonomikoaren arabera, sei, enpresa laguntzaile dira, bat, enpresa patrozinatzailea eta bi, enpresa babesle. Baina izenetik haratago izana eta konpromiso nahia azpimarratu ditu Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko batzarreko presidenteak, ekarpen  ekonomiko oro garrantzitsua delako erakundearen jarduera soziosanitario eta solidarioari eusteko.

  Lantokietara egiten dituzten bisitetan harrera beroa egiten zaie Gurutze Gorriko boluntarioei, ezaguna baita egiten duten lana. Ez dira eta alferrik pasatu 40 urte San Prudentzioko egoitza ireki zenetik. Gurutze Gorria elkarlanean aritzen da gainera, eskualdeko enpresa askorekin, eta lehen sorospen, desfibriladoreen erabilera eta bestelako osasun esku-hartzeen inguruko ikastaroek ematen dizkiete edota larrialdi simulazioetan laguntzen diete.

  Datozen asteotan, boluntario talde bat Debagoieneko enpresekin harremanetan jarriko da, egindako ekarpena eskertu eta azken urteko jardueren azalpena egiteko, eta onuradun ez direnei enpresa onuradunen sarera batzeko gonbidapena luzatzeko.

  Azken 12 hilabeteetan 23 larrialdiko esku-hartze egin ditu Debagoieneko Gurutze Gorriko Lurreko Bilaketa eta Salbamenduko Taldeak. Gainera, boluntarioek 18 prebentzio-zerbitzu eta 29 osasun-esku-hartze bete dituzte eta esku-hartze sozialeko proiektuetan gizarte-bazterkeria arriskuan dauden eskualdeko 470 familiari eman diete arreta. Guzti hori boluntarioen etengabeko konprisoari esker egin ahal izan dela azpimarratu du Javier Igartuak, baina baita, era berean, enpresa onesleen ekarpen ekonomikoari esker, erakundearen ahalmen operatiboa eta hedapen gaitasuna bermatzen dutelako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!