Enpresa berriak sustatu eta pertsona langabetuak kontratatzeko dirulaguntzetan 30.000 euro banatu zituen Udalak iaz
Enpresa berrien sustatzaileen autoenplegua, merkataritza lokalen alokairua eta pertsona langabetuen kontratazioa diruz lagundu ohi du Udalak. Sozioekonomia departamenduaren dirulaguntza hauen 2023ko deialdia, datozen astetan kaleratzea aurreikusten da. Baina deialdi berria ireki aurretik, 2022an emandako laguntzen laburbilduma egin du udal departamentuak.
Enpresa berriak sustatzeko laguntzen helburua, enpresa jarduera berri bat sustatu edo eskualdaketa bidez jarduerari jarraipena ematen dioten pertsonei laguntzea da, sustatzaileen autoenplegua lagunduz eta merkataritza lokalen alokairu gastuak arinduz. 25.000 euroko diru-poltsa zegoen eta 23.250 euro banatu dira. Jaso ziren 9 eskaeretatik 8 onartu ziren. Guztira, 9 lanposturen sorrera diruz babestu zuen Udalak eta merkataritzako hiru negozio lokalen alokairu kontraturako dirulaguntza eman zuen.
Pertsona langabetuak kontratatzeko ere dirulaguntzak ditu Udalak. Kasu honetan enpleguaren sorrera sustatzea da helburua, Oñatiko 50 langile baino gutxiago duten enpresei langabezia egoeran dauden pertsonak kontratatzeko dirulaguntza ematen die. Halako sei eskaera jaso ziren iaz udaletxean baina aurrez zehaztutako baldintzak betetzen zituzten lauak onartu ziren, diruz lagundutako kontratuak, guztira, sei izan zirelarik. 15.000 euroko partida zegoen eta 6.840 euro banatu dira laguntzetan.
Horiek guztiak, esan bezala, 2022ko dirulaguntzen datu orokor eta esanguratsuenak dira. 2023ko deialdia prestatzen ari dira jada eta egun, aste gutxiren buruan kaleratzea aurreikusten da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!