Oñatiko udala

Enpresa bakarra aurkeztu da Larrañan Pumptrack gunea egokitzeko

2024/02/12
Card image cap
Lanen esleitze kontratua datorren astean sinatu asmo da

  Poolsport soluciones SL enpresa da Udalak deitutako prozesura aurkeztu den bakarra. Proposatutako eskaintzak zehaztutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu da eta esleipena egin aurretik, behin betiko fidantza ordaindu eta dokumentazio osagarria aurkeztea eskatu da, ohikoa denez. Guztia astean presentatzea espero da, eta gauzak ondo, kontratua datorren astean sinatuko da, lanak, martxo aldean hasi daitezen.

    Udalak zehaztutako lizitazio prezioa 11.000 eurotan merkatuz, lanak 88.840 eurotan egingo dira, bermealdia 5 urtera luzatuta. Kontratuak hiru hilabeteko exekuzio epea izango da, hau da, martxotik ekainera egitea aurreikusten da.

  Pumptracka bihurgunez, goragunez eta sakangunez jositako zirkuitu itxia da, mendi bizikletan, patinetan edo skatean ibiltzeko egokitutako gunea. Txirrindulari edo rider-ak bere pisuaren inertzia aprobetxatuz egiten du aurrera, teknika eta trebezia baliatuz.

  Eltzia atzealdean, Larraña lanbide institutuko lurretan dagoen lurzatian prestatuko da Pumptrack gunea. Oreinbike Bike Park & Pump Track enpresak egindako diseinua jarraituz, instalazioak bi gune nagusi izango ditu: 150 metroko luzerako zirkuitua, zailtasun maila ezberdineko azpi-guneekin, eta 10 metroko erradiodun asfaltozko atseden gunea. Oro har, bost peralte eta askotariko erabilerarako 24 modulu izango ditu. Aldi berean, 37 lagunek erabiltzeko aukera izango dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!