Enplegua egonkortzeko udalak deitu zituen bi oposizio-lehiaketarako azterketaldia hasteko eguna finkatu da
Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan udal plantilan jasota dauden sei plaza oposizio-lehiaketa sistemaz betetzea aurreikusi zen. Horietako hiruretarako lehen azterketa-data, oposizio faseko lehen probaren data, finkatu da jada, urtarrilaren 24an izango da. Brigadako pioi eta pioi gidari plazei dagokie.
Irailaren 14an eta urriaren 5ean argitaratu ziren, hurrenez hurren, brigadako bi pioi gidari eta pioi plazetarako onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak. Pioi gidaritarako 5 hautagai aurkeztu ziren eta pioitarako 15. Guztiak onartu ziren. Berriki, behin betiko zerrendak eta lehen azterketarako data argitaratu dira. Hautagaien zerrenda horietan eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu duten ala ez ere zehaztu da.
Gainditu beharreko oposizio fasean bi proba egitea aurreikusten da: teoriko-praktikoa, bi zatitan, eta euskarari dagokiona. Teorikoan lanpostuetarako deialdiarekin batera kaleratu zen gaitegi orokorraren ingurukoak galdetuko dira, eta praktikoan, lanpostuaren egitekoei lotutako kasu praktiko bat edo batzuk planteatuko dira. Eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatu duten 14 hautagaientzat proba bakarra izango da. Gainontzeko seirek, lehenengo hizkuntza eskakizunari dagokion euskara proba egin beharko dute, baina horretarako eguna ez da finkatu oraindik.
Enplegua egonkortzeko deitu ziren oposizio-lehiaketen inguruan finkatu diren lehen azterketa-datak dira hauek. Baina prozedura berbera beteko da administrari, kale garbitzaile eta gizarte langile plaza bana betetzeko, oposizio faserako hasiera data jakinarazi ez bada ere.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!