Oñatiko udala

Enplegua egonkortzeko salbuespeneko deialdia osatzeko puntuan dago Udala

2024/07/10
Card image cap
Kiroldegiko kantxa azterketa batzuetarako gertu
Gizarte langile plazarako kontratazio proposamena egin da eta udaltzain eta administrari plazetarako azken kalifikazioen behin behineko zerrendak kaleratu dira

  Administrazio publikoan behin behinekotasuna murrizteko enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan, 21 plaza betetzeko plangintza abiatu zuen Udalak, 2022ko abenduan. 15 lanpostu lehiaketa bidez betetzea aurreikusi zen eta 6 oposizio-lehiaketa sistemaz. 21 plaza horietatik azken hirurak betetzea soilik falta da, nahiz eta prozesuak ia amaitu diren.

  Gizarte langile plaza bat lehiaketa-oposizio sistemaz beteko zela iragarri zen eta prozesua burutu da; behin betiko emaitzak argitaratu dira eta kontrataziorako eta lan-poltsa sortzeko epaimahaiaren proposamena ere kaleratu da. Hilabeteko epea dago erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkezteko.

  Administrari plaza bat ere lehiaketa-oposizio sistema irekiz betetzeko deialdia egin zen iaz, eta prozesua kasik amaituta dago. Euskarazko proben emaitzak eta hautaketa prozesuaren behin behineko kalifikazioak astelehenean argitaratu ziren, erreklamazioetarako 10 laneguneko epea irekiz. Uztailaren 22a izango da azken eguna.

  Epea laburragoa da udaltzain plaza betetzeko ekainaren 29an egin ziren test psikotekniko eta nortasun probaren emaitzen kontrako erreklamazioarena, etzi, ostiralean amaituko baita. Udaltzain plaza lehiaketa sistemaz osatuko zela iragarri zen eta baldintzak betetzen zituzten hautagaiei, lan esperientzia, antzinatasuna eta titulazioa agiri bidez egiaztatzea eskatu zitzaien. Baina nortasun eta psikotekniko probak ere gainditu behar dituzte eta horien emaitzak uztailaren 5ean argitaratu ziren.

  Behin behineko emaitzak, kontratazio eta lan-poltsa eratzeko proposamenak eta bestelako argibideak udaleko web atarian ikusgai daude, hautaketa prozesuak atalean. Erreklamazioetarako epeak beteta, behin betiko puntuazioak jakinaraziko dira eta udaltzain eta administrari plazetarako kontratazio proposamenak zehaztuko dituzte prozesu bakoitza zaindu duten epaimahaiek. Azken kontratazio horiekin osatuko du Udalak 2022ko udazkenean abiatu zuen enplegua egonkortzeko prozesua, meritu bidezko hautaketa prozesu ezberdinak ere beteaz joan baitira eta urteetan lan horretan aritu diren langileek plaza eskuratu dute.

  Merituz betetzeko zehaztu ziren lanpostuak dira: udaltzaina, idazkaritzako administrazio orokorreko teknikaria, euskara teknikaria, partaidetza eta garapen komunitarioko teknikaria, berdintasun teknikaria, kultur sustatzailea, teknologia eta informazio gizarteko teknikaria, gizarte langilea, informatika teknikaria eta informatika laguntzailea, igeltserotzako peoia, kiroldegiko harrelaria, argiteriako ofiziala, kultur administraria eta hirigintza administraria. Eta oposizio-lehiaketa bidez berriz, gizarte langilea, administraria, brigadako peoia eta bi peoi gidari eta kale garbiketa peoia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!