Oñatiko udala

Enplegua egonkortzeko oposizio-lehiaketan gizarte langile plazarako azterketaldia hasiko da bihar

2024/03/06
Card image cap
Artxibo Historikoan egingo dira azterketak, bihar
57 lagunek dute froga teorikoa egiteko aukera

  Ibarra zelaian dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egingo da azterketa teoriko hori, bihar, 9:00etan hasita. Dena den, hautagaiek 8:55erako bertan egon beharko dute, ordu horretan itxiko baita aretorako sarrera. Beraien burua identifikatzeko nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan gizarte langile plaza bat beteko du Udalak eta 57 hautagaik dute biharko lehen azterketa horretara aurkezteko aukera.

  Prozesu berberaren baitan, kale garbiketako pioi plaza bat ere beteko du Udalak. Kasu honetan azterketaldia aurreratuago dago eta ariketa praktikoaren behin behineko emaitzak astean kaleratu dira. 8 hautagaik zuten proba egiteko aukera baina bat ez zen aurkeztu eta beste zazpiek gainditu egin dute. Emaitzak udaleko web atarian argitaratu dira eta martxoaren 15era arteko epea dago erreklamazioak aurkezteko. Bide batez, prozesuan jarraitzen duten hautagaiek lehiaketa atalean baloratuko diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu behar dituzte, martxoaren 15era bitartean. Kale garbiketako pioi plaza betetzeko azterketaldia osatzeko euskara proba falta da, eta eskatutako maila egiaztatu ez duten lau hautagaik egin beharko dute. Baina horretarako eguna ez da finkatu oraindik.

  Orain arte martxan jarri diren hautaketa prozesuetan aurreratuena, brigadako pioi-gidari plazei dagokiena da. Azterketaldia gainditu zuten bi hautagaien merituak baloratu dira eta puntuazioa argitaratu da, erreklamazioetarako 10 eguneko epea irekiz. Martxoaren 15ean amaituko da. Bi pioi-gidari plaza bete asmo ditu Udalak, enplegua egonkortzeko oposizio-lehiaketa bidez eta okerrik ezean, azterketaldia gainditu duten bi lagunak kontratatzea proposatuko du epai-mahaiak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!