Oñatiko udala

Enplegu eta kirol kontuak hizpide izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2024/11/21
Card image cap
Alokairu kontratu baten luzapena eta bi dirulaguntzen likidazioa aztertuko dira

  Bidebarri Enplegu Zentroak Olaburun erabiltzen dituen bi lokalen alokairu kontratua berritzea eskatu du. Bidebarri Enplegu Zentroa irabazi asmorik gabeko enpresa da eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonen laneratzea eta gizarteratzea du helburu. Gainera, bere baitan hartzen du Zubillaga Enplegu Zentru Berezia, hau da, ezgaitasuna duten pertsonen laneratzea helburu duen zentroa. Bidebarrik Olaburun dauden bi udal lokal erabiltzen ditu, IM1 eta IM2 lokalak. Lokal hauen alokairu kontratua betetzear dagoela eta berritzea eskatu du Bidebarriko arduradunak. Kontratua 5 urterako luzatzea eta, enpresaren izaera eta helburu soziala kontutan hartuta, hileko alokairua ohikoa baino merkeago jartzea proposatuko da arratsaldeko Gobernu Batzarrean.

  Diru kontuak hizpide izango dira bilerarako zerrendatu den hurrengo gaian ere, agindutako dirulaguntzen likidazioa eskatu baitute herriko bi kirol taldek. Oñatiko kirol elkarte eta taldeei zuzendutako dirulaguntzen baitan, Eraun Torreauzo elkarteak eta Txantxiku Arkulariak elkarteak aurkeztutako eskaerak ekainean onartu ziren. Orduan, dirulaguntzaren lehen zatia ordaindu zen, bigarrena, likidazioa aurkeztu ondoren bideratuko zela adieraziz. Torreauzoko XXV. Krosaren antolatzaileek eta XVI. San Migel Saria zein San Migeletako arku tiraketa erakustaldiaren antolatzaileek dagokien kontu zuriketaren berri eman diote Kirol batzordeari. Likidazio hori onartu eta agindutako dirulaguntzaren bigarren zatia, %40a ordaintzea proposatuko zaio gobernu taldeari arratsaldeko bileran.

  Azken orduko beste gairik aurkezten ez bada, aipatutako biak eta aurreko asteko bileraren akta onartuta, amaituko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarra.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!