Oñatiko udala

Energiaren inguruko esku-hartze plana aurkeztu diete herriko ikasleek udal ordezkariei

2024/05/15
Card image cap
Eskola Agenda 2030aren baitan Udal Foroa egin da gaur goizean

  Energiaren lanketan jarraitu dute herriko ikasleek bigarren urtez Eskola Agenda 2030aren baitan. Garapen Iraunkorreko 7. helburua bereziki landu dute eta energia eskuragarria eta ez kutsatzailearen inguruan hainbat ekintza egin dituzte; ondorioak, udal ordezkariei aurkeztu dizkiete udaletxean egin duten bilkuran.

  Udala eta Berritzegunea dira Eskola Agenda 2030 programaren sustatzaileak eta 3 eta 18 urte arteko 1.500 ikasle inguruk parte hartu dute, bakoitzaren adin eta ezagutza mailaren arabera, energia arloan herriaren egoera zein den aztertzen. 2022-2023 ikasturtean egindako lanari jarraipena emanez, udalerriaren diagnostikoa oinarri hartuta, hobekuntza proposamenak aztertu eta bideragarriak direnak aukeratu dituzte. Ikasturtearen lehen hiruhilekoan ikasleek egiteko moduko ekintzak identifikatu ziren, ikastetxe guztien adostasunez zein pausu eman erabakiz. Eragile guztien inplikazioa bilatu da erabakiak hartzeko prozesuari berari garrantzia emanez. Bigarren hiruhilekoan berriz, adostutako ekintzak gauzatu dira eta emaitzak eskolen arteko foroan partekatu zituzten, ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko harremana indartuz.

  Ikastetxe guztiek herrian zuhaitz gehiago landatzea eta hauen izenak ikasteko plakak jartzea erabaki zuten, ikasleak modu aktiboan inplikatuz eta hitzetatik ekintzetara jauzi egiten. Baina ikastetxez ikastetxe ekintza gehiago egin dituzte eta garrantzitsuenak goizean aurkeztu dituzte. Ikasleek adierazitakoa interesez entzun dute udal ordezkariek eta zenbait azalpen ere eman dizkiete udaletxeko areto nagusira hurbildu diren ikasleei. Urgain, Elkar Hezi, Txantxiku ikastola eta Oñati institutuko hainbat ikasle izan dira herriko ikasle komunitate zabalaren bozeramale gaur egin den udal foroan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!