Energia eta dirua aurrezteko on-line tailerra antolatu du Foru Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak antolatu du on-line tailerra, eskualdeko udalerri eta Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean. Tailerra, Energia Argitu programaren baitan dago eta etxeetan, enpresetan eta elkarteetan energia modu eraginkorrean erabiliz, eta erosotasunik galdu gabe, energia eta dirua aurrezteko gomendioak emango dira.
Tailerra ostegunean, apirilaren 29an izango da, 18:00etan hasita. Internet sarrera izatearekin nahikoa da, ez da programarik deskargatu behar saioa jarraitzeko.Saioa euskaraz edo gaztelaniaz jarraitzeko aukera izango da. Baina parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izena emateko hainbat bide eskaintzen dituzte antolatzaileek: mezu elektronikoa bidaltzea argitu@gipuzkoa.eus helbidera edo telefonoz deitzea: 943 164 172 edo 605 757 687 zenbakietara.
Tailerraz eta Argitu programaz informazio osagarria www.argitu.eus atarian topatu daiteke.
Energia Argitu programaren baitan energia kontsumoaren murrizketa lortu, eraginkortasuna handitu eta ondorioz dirua aurrezteko hainbat tailer antolatzen dira. Etxean, enpresan edo elkartean energia modu eraginkorrean erabiltzen ikasteko tailerra ostegunean egingo da baina maiatzaren 13an Energia berriztagarriak zure etxean…posible da! tailerra izango da, maiatzaren 27an, Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko eta ekainaren 9an berriz, Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak tailerra. Guztiak modu telematikoan jarraitu ahal izango dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!